Rodrigo Sorogoyenen film berria, El ser querido, Made in Spain sailaren programazioari gehitzen zaio. Javier Bardem eta Victoria Luengo izanik protagonista nagusi, zinema-areto komertzialetan estreinatu berri da filma, Cannesko Zinema-jaialdiaren aurreko edizioko Sail Ofizialean parte hartu ondoren. Film berri honekin, Made in Spain sailaren programazioa osatuta geratu da. Hala, Made in Spain sailak 25 film bilduko ditu guztira, urteko zinema espainiarraren erakusgarri direnak. Nola Espainian estreinatutako hala estreinatu gabeko ekoizpenak dira, eta Donostia Zinemaldiak plataforma bat eskaintzen die nazioartean zabaltzeko.
Sorogoyenek eta Isabel Peñak idatzitako filmean, aspalditik alabarengandik bananduta egon den zinema-zuzendari ospetsu eta polemiko baten rola egiten du Bardemek (Luengok egiten du alabaren rola). Bere proiektu berrirako, zinegileak rol bat eskainiko dio alabari, aitzakia gisa jarrita lagundu nahi diola ibilbidean aurrera egiten (aktorea da alaba), baina itxi gabeko zauriak azaleratuko ditu horrek.
El ser querido Movistar Plusen jatorrizko filma da, Caballo Films eta El Ser Querido AIErekin batera ekoitzia, eta Frantzian Le Pacterekin, Canal+en elkarlanarekin. Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) eta Europa Creativa MEDIAren finantzaketa du, baita Institut Català de les Empreses Culturals (ICEC) eta Madrilgo Erkidegoaren babesa ere.
Rodrigo Sorogoyenek (Madril, 1981) Peris Romanorekin batera zuzendu zuen bere lehen luzea, 8 citas (2008). Stockholmekin (2013) hiru sari lortu zituen Málagan, Goya sari batez gain, eta Que Dios nos perdone (2016) pelikularekin, berriz, gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria beretu zuen Donostian, baita gizonezko aktore onenaren Goya saria ere. 2018an, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatu zen berriro El reino filmarekin (zazpi Goya sari). Madre (2019) pelikulak emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen Veneziako Orizzonti sailean. As bestas (Perlak, 2022) filmak Cannes Premieren parte hartu eta bederatzi Goya lortu zituen, hala nola film onarena eta zuzendari onenarena, bai eta atzerriko film onenaren César saria ere. Gainera, Antidisturbios (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2020) eta Los años nuevos (2024) telesailak ere zuzendu ditu, Apagónen (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2022) atal batez gain.
Esteban Martínez zinema-zuzendari itzaltsua benetako mitoa da nola bere filmengatik hala duen indarkeria- eta gehiegikeria-iraganagatik. Bere proiektu berrirako, bere alaba Emiliari rol bat eskaini dio, aktore-ibilbide trabatuarekin laguntzeko aitzakiarekin. Filmaketan elkarrekin egon behar dutenez, aspalditik ez zuten intimitate bat izango dute, baina sendatu gabeko antzinatiko zauriak ere berriz irekiko ditu.