XX. RTVE-Beste Begirada sariak emakume ekoizle bat sarituko du aurten, bere lanarekin ikus-entzunezko industria pluralagoa eta inklusiboagoa izan dadin eta berdintasuna bultza dezan lortzen laguntzeagatik. 2026an Donostia Zinemaldiaren esparruan sortu zenetik bi hamarkada beteko dituen sari hau Sail Ofizialeko, New Directorseko eta Perlakeko zortzi film luzeren ekoizleak eta ekoizlekideak izango dira sariaren hautagai.
Zehazki, film luze hauen ekoizle eta ekoizlekideak izango dira sarirako hautagaiak: Sail Ofizialeko Artakalan / What Remains, Garrat du váimmu / Brace Your Heart, Krux eta Markens grøde / Growth of the Soil; New Directorseko Body of Glass eta Obuvkite na bashta mi / My Father's Shoes; eta Perlakeko Josephine eta Soudain / All of a Sudden.
Orain arte, emakumeek zuzendu, idatzi edo antzeztutako filmak edota gizonek egindakoak izanik eta emakumeen esperientzia, kezka, desio eta errealitateekiko sentsibilitate berezia erakutsirik emakumeen mundutik hurbileko gaiak jorratzen zituzten filmak aitortzen zituen sariak. Hogeigarren edizioa dela-eta, RTVEk saria birformulatu du, arreta zinemako industria-sarean jartze aldera eta, horrela, emakumezko ekoizleek ikus-entzunezko sorkuntzaren funtsezko eragile gisa duten funtsezko eginkizuna aitortzeko. Helburua, honenbestez, industria anitzagoa bultzatzea da, ekoizpen-oinarritik hasita; horrela, ekoizpenean aniztasun handiagoa egoteak zineman istorio, begirada eta irudikapen gehiago izatea ahalbidetuko du epe luzera.
Donostia Zinemaldiak eta RTVEk eta haren Berdintasun Behatokiak izendatuta, María Solana kazetari eta RTVEko kontseilaria izango da epaimahaiburu, eta Laia Costa aktoreak eta Marisa Fernández Armenteros ekoizleak osatuko dute XX. RTVE-Beste Begirada sariaren epaimahaia; hilaren 26an (larunbata) emango da saria Zinemaldiaren amaierako ekitaldian.
Milagros Mumenthalerren Las corrientes / The Currents filma saritu zuten iaz, eta aipamen berezia egin zioten Dolores Fonziren Beléni.
Sari honen medioz, RTVEk aukera-berdintasuna, begiraden aniztasuna eta gizarte pluralago eta kohesionatuago batekin konprometitutako eduki-sorkuntza sustatzen jarraitu nahi du, eta horretarako, ikus-entzunezko industriaren eragin eraldatzailea funtsetatik sendotu.
Sail Ofiziala
Emakume poeta batek bere bizitza itogarriarekin hautsiko du, bere barne-ahotsarekin eta kontzientziarekin berriro harremanetan jartzeko eta sormena berriz pizteko. Familiaren, identitatearen eta bizitzaren zentzuaren kontzeptu tradizionalak zalantzan jartzen hasi ahala, bere burua deskubritzeko bidean, beren bizitzak berraztertzera bultzatuko ditu ingurukoak, eta familia osoa norabide berri batera eramango du.
Ejvari elur-oreinen taldea utzi dio aita zenak oinordetzan. Taldea aurrera ateratzeko borrokan ari dela, Heaika —lider lokala— Evjarekin maiteminduko da, eta emakumeari irudituko zaio onartu egin behar duela. Baina dena aldatuko da Nejla —Heaikaren lehengusua— iristean: Ejvak lehengoz jakingo du zer den benetan maitasuna. Jeloskor, Heaikak sentituko du traditu egin duela Ejvak, eta gizonaren erreakzio bortitzak eragin handia izango du Ejvarengan: eskuek dardara egingo diote emakumeari, kontrolik gabe, eta honenbestez, artaldea zaintzeko gaitasuna arriskuan egongo da.
Benetako gertakarietan oinarritua, Kruxek Alemaniako ipar-ekialdeko herri txiki baten historia iluna kontatzen digu, II. Mundu Gerraren amaieran, nazien erregimenak herritarrei agindu zienean arerioak aurkitu zezakeen ezer ere ez uzteko bizirik. Gizon gehienak frontean daude. Emakume, ume eta geratzeko baimena duten gizon gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Hangoen bizitzak beren erritual zaharretan oinarrituta jarraitzen du: eskola, eliza, ezkontzak, lana. Bizilagunek dena ondo amaituko dela pentsatzen jarraitzen dute. Halako batean, ordea, ibaiak inork izendatu ezin dituen gorpuak itzultzen ditu. Inork ez daki etsaia noiz iritsiko den, ezta zer gertatuko den ere hura iristean. Gertaerak egon beharko luketen isiltasuna zurrumurruek betetzen dute. Isiltasun horretatik etsaia bera baino beldur handiagoa hazten da.
Ezezagun bat agertu da mendien atzean, erabakitasunaz beste ia ezer ez daramana berekin. Isak, iraganik gabeko gizona, lurra landuz bizitza aurrera ateratzeko leku baten bila dabil. Basoaren mugatik haratago, lur-eremu baldar bat aurkituko du, leku bortitza baina etorkizun handikoa. Lurrak muturreraino eramango du gizona, Inger ezagutzen duen arte, erresilientziak sendotutako emakume bakarti bat, apala eta isila. Elkarrekin, elementuei desafio egingo diete bi gizon-emakumeek eta bizitza bat eraikiko dute, lurra landuz eta euren familia haziz, urtaroen konpasean helduko den familia bat. Alabaina, urteak igaro ahala, eta mundua itoz doakien heinean, denborak, ezbeharrek eta desioak eraldatu egingo dute bikotea.
New Directors
Tian dantzariak ihes egingo dio Felix bere bikotekide kontrolatzailearekin Marseillan zeraman bizitzari, harekin gorabehera bortitz bat izan ondoren. Isolatuta eta norbaitekin konektatzeko premia larria duela, gizon gazte baten dolu-talde batean infiltratuko da, gizona ezagutzen ez bazuen ere. Talde horren min eta afektuan nahasita, egia arriskutsu bat ezkutatzen du etxean. Gezurrak, atsekabeak eta errealitateak talka egiten dutenean, Tianek zikloa hautsiko ote duen erabaki beharko du.
Mima aitaren absentziarekin eta ama zorrotz batekin (Boyka) hazi da. Aita hil delako albistea iritsi eta gorpua herrira itzultzen denean, hura identifikatzea eginbeharra eta, aldi berean, dilema bihurtuko da. Boykak ez du kondizio horretan ikusi nahi bere garaian maite zuen gizona, eta ama-alabak ezinbestean egin beharko diote aurre isilarazitako iragan hari; Minak, bestalde, deskubritu egin beharko du zer dakarren berekin aukeratu gabeko bizitza bat eramatea.
Perlak
San Frantziskoko Golden Gate Parken ezustean bortxaketa baten lekuko izan ondoren, 8 urteko Josephine indarkeriaz eta paranoiaz jokatzen hasiko da. Traumak familia desegonkortu eta gurasoak justizia eta galdutako segurtasuna berreskuratzeko modua bilatuko dute.
Zaharrentzako egoitza bateko zuzendari gisa, Marie-Louk ahalegin handiak egiten ditu egoiliarren duintasuna entzutean eta errespetatzean funtsatutako arreta-filosofia berritzaile bat ezartzeko, baina egoitzako langile batzuk ez daude horrekin ados. Alabaina, Marie-Louren bizitza betirako aldatuko da Mari zuzendari japoniarra ezagutzean: minbizia dauka emakumeak. Adiskidetasun sakona sortuko da bi emakumeen artean, eta elkarrekin saiatuko dira "ezinezkoa ahalbidetzeko".