Donostia Zinemaldiak 74. edizioko lehen hiru egunetarako 32.722 sarrera saldu ditu salmenta mailakatuaren lehen egunean, 19:00ak arte. Kopuru horrek igoera txiki bat dakar iazko datuekin alderatuta.
Gehiago saldu diren saioak film hauenak izan dira: Glaxo, 5 minutos más / 5 More Minutes eta Les Miserábles Sail Ofizialean; Minotaur, La bola negra eta The Invite Perlak sailean; Morro, Ri Guang / Will You Still Be My Friend eta El mal hijo / The Bad Son New Directors sailean, eta Siempre soy tu animal materno / Forever Your Maternal Animal eta Cinco años, cuatro meses / Five Years, Four Months Horizontes Latinos sailean. Gainera, Bucking Fastard eta The Housewife Donostia Saria Emanaldiak ere oso ondo saldu dira, baita The Mission (Beste jarduera batzuk) filmaren saioa ere.
Sarreren salmenta online zein Kursaaleko Zinemaldi plazako leihatiletan izan da. Gaur lehen hiru egunetako sarrerak (ostirala 18, larunbata 19 eta igandea 20) jarri dira salgai soilik. Bihar (astelehena 14) 9:00etatik aurrera hasiko da hilaren 21eko (astelehena), 22ko (asteartea) eta 23ko (asteazkena) sarreren salmenta, eta asteartean, 15ean, hilaren 24ko (osteguna), 25eko (ostirala) eta 26ko (larunbata) txartelak.
Beste urte batez, Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek eskerrak eman dizkie herritarrei salmentako lehen egunean emandako erantzun “ikaragarriagatik”. “Salmentaren lehen orduan 20.000 sarrera inguru saldu dira, eta horrek sistemak nolabaiteko moteltasunez funtzionatzea eragin du. Hala ere, 10:00etatik aurrera jada ez zegoen ilara birtualik, eta publikoak arinago egin ahal izan ditu erosketak”, adierazi du Rebordinosek.