Datorren osteguneko (irailaren 17a) dezimoa Donostia Zinemaldiari eskainita dago. Loterías y Apuestas del Estado erakundeak lankidetza estua du Zinemaldiarekin, bi erakundeek uste osoa baitute kultura funtsezko tresna dela pentsamendu kritikoa bultzatzeko, desparekotasunen aurka borrokatzeko eta aurrerapen kolektiboan laguntzeko.
Zinemaldiaren 74. edizioari hasiera ematen dion astea dela-eta, Loteríasek omenaldia egin nahi izan dio bere dezimoaren bitartez. Zehazki, Donostiako Kursaaleko fatxadaren irudi ikonikoa irudikatzen du, Zinemaldiaren edizio honetako zenbakiaren emanaldiarekin. Irudi hori hurrengo egunetan errepikatuko da, aurtengo edizioa dela-eta (irailaren 18tik 26ra).
Irailaren 17ko zozketarako, Loteríasek 6 milioi dezimo jarriko ditu salgai, eta munduko zinema-jaialdi ospetsuenetako baten enbaxadore bihurtuko dira dezimo horiek. Zozketa honek 12,6 milioi euro banatuko ditu saritan, horien artean, sail bakoitzeko 300.000 euroko lehen saria eta sail bakoitzeko 60.000 euroko bigarren saria nabarmentzen dira.
Zinemaldiaren eta Loteríasen arteko lankidetzaren ondorioz, gai sozialak jorratzen dituzten film laburren Loterías Saria emango da, datorren astean hirugarren edizioko sariak banatuko dituena. Aurtengo sei film labur finalistak honako hauek dira: 3 días, 3 noches, Anuska Ariztimuñorena; Amarraditos, Arturo Mombiedro Lozanorena; Headscarf, Lucía Saavedrarena; Ma-Ma; Isabel María Mongerena; Prejuicios, Javi Pradarena; eta La raíz, Isabel Sáez Pérezena. Lehiaketaren helburua mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzea da, balio jakin batzuk sustatze aldera, hala nola aberastasuna birbanatzea, justizia soziala eta kolektibo kalteberei laguntzea, hala nola adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei edo minbiziak jotako pertsonei.
Beste ekimen garrantzitsu bat "Zinemaldia 70: historia posible guztiak” proiektua da; Donostia Zinemaldiaren artxiboa berreskuratu ahal izan da, Loteríasen laguntzarekin. Proiektu honi esker, lehiaketaren historiari lotutako ondare garrantzitsua jarri da herritarren eskura. 4.000 dokumentu baino gehiago —argazkiak, kartelak, argitalpenak eta balio handiko bestelako materialak—, internet bidez kontsulta daitezke orain. Gainera, 27.000 fitxa deskribatzaile baino gehiago dituen katalogo bat sortu da, artxiboa kontsultatzeko eta aztertzeko tresnak eskaintze aldera. Webgune honetan dago dena eskuragarri: artxiboa.sansebastianfestival.com.
Loterías sariak eta "Zinemaldia 70" proiektuak agerian uzten dute erakundeen arteko lankidetzak ahalmena duela gizartearentzat onura iraunkorrak sortzeko, baita kulturak aurrerapen sozialaren eragile gisa duen garrantzia sustatzeko ere.