"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak zinema-komunitaterako topagune bat sortuko dute aurten ere Zinemaldian. Hirugarren urtez jarraian, Keler Topaguneak bilgune informal bat eskainiko du esperientziak partekatzeko, egunean zehar hasitako elkarrizketekin jarraitzeko, networkinga egiteko eta egunari giro lasai batean eta musika onez amaiera emateko.
Tabakalerako Zine eta Ikus-entzunezko Laborategian egongo da gaituta gunea irailaren 21etik (astelehena) 24era (osteguna), 19:30etik 23:00etara. Ekimenak Kelerren babesa eta BIMEren laguntza du, eta zinemagileei, zinema-industriako profesionalei, kazetariei eta, orokorrean, Zinemaldian akreditazioa duten pertsona guztiei zuzenduta dago.

Astelehenean, hilak 21, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarrekin antolatutako Kabia jardunaldia izango da. Gorabidean den talentu zinematografikoari eskainita egongo da, baina akreditazioa duen edonork izango du sarbidea 20:00etatik aurrera. Bestalde, ostegunean (hilaren 24a), Keler Topaguneak BIME hartuko du, musika-industria iberoamerikarraren erreferentziazko topaketa. Urtero Bilbon eta Bogotan egiten dela, BIME Europa eta Amerikaren arteko nazioartekotze-zubi bat da, baita joerak aurreikusteko, erreferenteak konektatzeko eta musika-ekosistema globalaren bilakaera ezagutzeko gune bat ere.
Musikak arratsaldero izango du presentzia Keler Topagunean, BIMEren lankidetzari esker. Hilaren 21ean, astelehenean, DJ Gelaren txanda izango da; 22an, LaMia Marirena; 23an, Alairena; eta Juan Tatorrik emango dio amaiera 24an.
Horrela, Keler Topaguneak bat egiten du Zinemaldiaren osagarri gisa egiten diten topaketen eta jardueren eskaintza zabalarekin, zinema-aretoetatik haratago Zinemaldiaz gozatzeko pentsatutako proposamena izaki.



