Donostia Zinemaldiaren babesle ofiziala den Make & Mark-ek, Transforma Make & Mark Saria sortu du, zinemak gizarte-aldaketaren eragile gisa duen zeregina aitortzeko eta gizarte bidezkoago bat eraikitzeko konpromiso irmoa erakusten duten zinemagileen lana nabarmentzeko. Zinemaldiko sail ezberdinetako bost film izango dira lehian, eta 74. edizioaren amaiera-ekitaldian emango da saria.
Tabakaleran gaur egin den prentsaurrekoan, Alexandra Petrarota Cabrera, Make & Mark konpainiako zuzendari exekutiboak aurkeztu du saria, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariarekin eta Maialen Beloki, 2027tik aurrera haren oinordekoa izango denarekin batera. Azaldu dutenez, Miguel Angel Muñoz aktore eta zuzendariak, Juan Antonio Vigar Malagako Zinemaldiko zuzendariak, eta Ione Hernández zinemagile eta Donostia Zinemaldiko Hautaketa batzordeko kideak osatuko dute epaimahaia. Haien lana izango da film luze irabazlea aukeratzea, lanen kalitatea eta gizartean duten eraginaren garrantzia balioetsi ondoren. Saria, 10.000 eurokoa, filma Espainian banatzen duen banatzaileari emango zaio.
Izangai diren filmak, hiru sail lehiakorretatik abiatuta Zinemaldiak aurretiaz egindako aukeraketa batetik eratortzen dira. Hala, Sail Ofizialetik, izango dira lehian Mike Leigh-en eta Amanda Kernell-en Tender Loving Care eta Garrat du váimmu / Brace Your Heart, hurrenez hurren; Horizontes Latinos sailetik, Diego Lunaren Ceniza en la boca / Ashes, eta Esteban Hoyos García eta Juan Miguel Gelacioren Cinco años, cuatro meses / Five Years, Four Months; eta Perlaketik, Pawel Pawlikowski-ren Fatherland.
José Luis Rebordinosek gogorarazi duenez, “zinemak funtsezko lekua du hausnarketarako, elkarrizketarako eta gizartea eraldatzeko espazio modura, askotariko errealitateak publikoari hurbiltzeko eta pantailaz haraindiko eragina sortzeko duen gaitasunari esker”. Saria aurkezterakoan adierazi duenez, haren helburua da “beren bikaintasun zinematografikoaz gain”, “gure garaiko erronka handiekin konprometitutako begirada sustatzea” ezaugarri duten filmak bereiztea. “Hausnarketa eta kontzientzia kritikoa sortzen lagunduko duten filmez ari gara, inklusioa, berdintasuna, aniztasuna, giza eskubideak, justizia soziala edo kulturaren bidez gizartearen eraldaketa positiboa bultzatuko duen beste edozein dimentsiorekin zerikusia duten gaiak jorratuko dituztenak”, gaineratu du Maialen Belokik, eta Make & Markek “aldaketa positiboak inspiratzeko eta begirada kritikoa sustatzeko” gai den zinemarekin duen konpromisoa eskertu du.
Sari hori sortu izanak indartu egiten du Donostia Zinemaldiaren eta Make & Marken arteko lankidetza; izan ere, babesle ofizial bihurtu da hura aurtengo edizioan. Gainera, bigarren urtez jarraian, Horizontes Make & Mark Saria babestuko du, eta Horizontes Latinos saileko film onenari emango dio saria.
Make & Mark Espainian, Estatu Batuetan eta Mexikon diharduen enpresa-taldea da, eta markentzako eta erakundeentzako balioa sortzea da haren espezialitatea, marketin- eta komunikazio-estrategien, publizitatearen, baliabide-erosketen, ekitaldien ekoizpenaren eta luxuzko esperientzien bitartez, munduko marka ezagunenetako batzuentzat.
Transforma Make & Mark sarirako hautagaiak
Sail Ofiziala
Ejvari elur-oreinen taldea utzi dio aita zenak oinordetzan. Taldea aurrera ateratzeko borrokan ari dela, Heaika —lider lokala— Evjarekin maiteminduko da, eta emakumeari irudituko zaio onartu egin behar duela. Baina dena aldatuko da Nejla —Heaikaren lehengusua— iristean: Ejvak lehengoz jakingo du zer den benetan maitasuna. Jeloskor, Heaikak sentituko du traditu egin duela Ejvak, eta gizonaren erreakzio bortitzak eragin handia izango du Ejvarengan: eskuek dardara egingo diote emakumeari, kontrolik gabe, eta honenbestez, artaldea zaintzeko gaitasuna arriskuan egongo da.
Mike Leigh, Urrezko Palmaren irabazlea Cannesen eta Oscar sarietarako izendatua, bere film luze berriarekin itzuli da, mundu garaikidearen bere esplorazio buruargiarekin jarraituz.
Horizontes Latinos
Bizitza hobe baten bila, Lucilak bere anaia Diegorekin bidaiatzen du Mexikotik, amarekin topo egiteko Madrilen. Amak zortzi urte eman ditu Madrilen legez kanpo lanean, seme-alabak mantentzeko. Iristen direnean, bizitza uste zutena baino gogorragoa izango da anai-arrebentzat.
Kolonbiako gatazka armatuan, semearen arrastoa galdu zuen Marthak; azken deshobiratzean hezur-kointzidentziarik ez delako albistea jasoko du emakumeak. Bide instituzional guztiak agortu ondoren, emakume talde batengana jo eta Sandra ezagutuko du. Sandrak zurrumurru bati buruz hitz egingo dio: "Lautadetatik urruneko herri batean, hildako bati mesede bat eska diezaiokezu". Elkarrekin joango dira harantz bi protagonistak, erantzun bila.
Perlak
Fatherland Thomas Mann idazlearen —Literaturako Nobel sariaren irabazlearen— eta haren alaba Erikaren —aktore, idazle eta rally-pilotuaren— arteko harremanean dago zentratuta. 1949ko udan, Gerra Hotzaren goren-unean, aita-alabek errepide bidezko bidaia gogor eta hunkigarri bati ekin zioten, Buick beltz batean, erortzear zen Alemania batean zehar: Frankfurtetik (Amerikako Estatu Batuen menpe) Weimarreraino (Sobietar Batasunak kontrolatua). AEBetan 16 urte erbesteratuta eman ondoren, Thomas Mannek aurre egin beharko dio, aberri banadu bati ez ezik, bere familiaren barneko haustura sakon bati ere bai.