Donostia Zinemaldiak eta Repsolek lankidetzaren laugarren urtea ospatuko dute 2026an, ekitaldiaren hainbat gune eta jardueratan energia-soluziobideak, mugikortasuna, kultura eta berrikuntza uztartuz. Aurten, enpresak energia anitzeko partner modura egiten duen ekarpena areagotu egin du, gonbidatuen eta profesionalen joan-etorriak erraztera, Zinemaldiaren jardunbidearen zati bat laguntzera eta zinemarekin, musikarekin eta arte digitalarekin lotutako doako esperientziak publikoari hurbiltzera bideratuta dauden ekarpenekin.
Berritasun bezala, %100 berriztagarria den Nexa dieselaz elikatutako anezka baten bidez optimizatuko dira Zinemaldiaren joan-etorri batzuk. Irailaren 20tik 24ra jardungo du lanean anezkak, Bilboko eta Donostiako aireportuak hiriko hainbat punturekin lotzeko. Halaber, %100 sorburu berriztagarria duen Nexa erregai horren 600 litro hornituko ditu Repsolek hiru ekipo elektrogeno elikatzeko, Miramar Jauregian egingo den Amaierako Jaialdirako, eta 1,67 tona CO2 murriztea ekarriko du ekimen horrek.
Era berean, Zinemaldiko ibilgailu ofizial eta operatiboentzat ere sortzez %100 berriztagarria den erregaia erabiliko da. 1.000 litro inguruk 2,78 tona CO2 gutxiago sor dadin lagunduko dute. Mugikortasun elektrikoaren eremuan, bi kargatze-puntu jarriko ditu Repsolek Argentinako Errepublika kalean, eta Zinemaldiaren ibilgailu-flota elektriko eta hibrido entxufagarriaren esku jarriko du Donostian duen kargatze-sare publikoa, Bidebietako zerbitzugunerako sarbidea ere barne dela.
Eguzki-energiara ere helduko da lankidetza. Repsol-Kinótiko Espazioak eguzki-plakak izango ditu, eta Okendo Plazan bi eguzki-banku egongo dira, bertan jendeak atseden hartu eta bere gailu mugikorrak karga ditzan.
Okendo Plaza izango da aurtengoan ere elkarlanaren topagune nagusia. Repsol-Kinótiko Espazioan, zinemako profesionalekin elkarrizketak, solasaldiak eta topaketak egingo dira, publikoarentzat zabalik egongo den formatuan. Programazioa bi set-etatik egingo da eta 70 elkarrizketa, podcast-saio edo mahai-inguru baino gehiago aurreikusten dira bertan Zinemaldiko egunetan. Kanpoko espazioan, gainera, izango dira eserlekuak, eguneroko agenda duen informazio-gune bat eta pantaila bat, non Kinóticoko programazioaren unerik garrantzitsuenetako batzuk jarraitu ahal izango baitira.
Irailaren 21ean, Fernando Truebaren Bajañí-rekin lotura duen ekintza berezi bat izango da Repsol Espazioan. Sail Ofizialeko Proiekzio Berezien artean dago pelikula musikal hori, eta Niño Joseleren gitarra eta artea, eta flamenkoaren, jazzaren eta musika brasildarraren arteko topaketa ditu ardatz. Fernando Trueba eta Niño Joselerekin solasaldia izango da ekitaldian, eta bertaratutako publiko guztiarentzat emanaldia eskainiko du artistak.
Gainera, irailaren 18tik 26ra, lehendabiziko PULSO: Energia bizi erakustaldia egongo da Okendo plazan. Repsolek bultzatu eta Hamill Industriesek landutako instalazio bat da, Sónar+Dk ekoitzia. Lan horrek argiarekin, atmosferarekin, mugimenduarekin eta soinuarekin eraikitako esperientzia fisiko eta sentsoriala bihurtzen du energia, eta ikus-entzuleek doan ikusi ahal izango dute lehen aldiz halakorik Zinemaldian.