Naomi Watts aktore eta ekoizleak Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko bigarren Donostia Saria jaso du bart, Kursaal Auditorioan, Jon Plazaola aktoreak aurkeztu duen ekitaldi batean. JA Bayona zinemagileak eman dio Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia, eta David Lynch zenari eskaini dio saria aktoreak. Bidenabar, honako hau adierazi du: "Beste pertsona batzuengan bizitzen ahaleginduz bizitzea eta, bidean, zeure burua gehiago deskubritzea da aktore izatearen plazera". Gainera, gehitu du: "nire adineko emakumeok pantailetan islatuta ikusi behar dugu geure burua", eta zorionekoa sentitzen dela aitortu du, paradigma-aldaketa horretan laguntzen ari diren emakumeetako bat izateagatik. "Duela hogeita hamar urte banituen itxaropenak eta ametsak, baina sekula ez nuen imajinatu honen urrun iritsiko zirenik", azpimarratu du.

Hitzaldiaren hasieran, Wattsek esan du "ibilbide oso batentzako saria jasotzea gauza bitxia da oraindik ibilbide horren erdian zaudela edo, areago, hasi berria zarela deritzozunean". JA Bayonari eskerrak emateaz eta haren aginduetara The Impossible (Lo imposible, 2012) filmatzeak suposatu zuen abentura gogora ekartzeaz gain, bere hastapenetan Mullholand Drive (2001) filmean David Lynch zuzendari izan zuen arte jasan zituen zailtasunak gogoratu ditu. "Bat-batean arbuio haien zauri guztiak hazkuntza bilakatu ziren. Amestu ere ezingo nukeen paper bat eman zidan. Davidek nire bizitza aldarazi zuen", adierazi du.

"Zinegintzan jarduteak esan nahi zuenaren bestelako ulermena eman zidan: neure senean konfiantza edukitzea, ziurgabetasuna onartzea, arrotza denaren eta azalpenik ez duenaren beldurrik ez izatea. Baina, edozeren gainetik, nigan zegoen zerbaitetan sinetsi zuen berak, nik neuk neure buruarengan konfiantza osoa eduki baino lehen. Inoiz ahazten ez den oparia da. Sari honek berarekin du zerikusia. David, zure falta sumatzen dut", aldarrikatu du 2025eko urtarrilean hil zen zinemagileari aipamena eginez.
Halaber, eskerrak eman nahi izan dizkio Ben Shirinian, The Housewife filmarekin zuzendari gisa Donostia Sarirako lehiakideen artean debuta egin duenari; eta Michael Haneke, David Cronenberg, Peter Jackson eta Alejandro Gomez Iñárrituk bezala konfiantza eman zioten beste zinemagile batzuei; baita zinemaren "magia posible egiten duten lantaldeei" ere, gaur egungo artegintza-modurik kolaboratzaile eta ezustekoenetakoa baita. "Edozertarako prest egon zaitezke, eta orduan ezusteko zerbait gertatzen da, eta bat-batean, bizirik zaude. Beste pertsona batzuengan bizitzen saiatuz ematen duzu bizitza da eta, nolazpait, bidean, zeure burua gehiago deskubritzen duzu. Horretan datza aktore izatearen plazera", aitortu du.

Naomi Wattsek gogoratu du duela hogeita hamar urte bazituela "itxaropenak eta ametsak", baina inoiz ez zuela imajinatu "honen urrun" eramango zutenik. Horregatik, Donostia Sariagatik eta maite duen horretan lan egiteko "pribilegioa" edukitzegatik "erabat hunkituta eta eskertuta" sentitzen dela esan du. "Zinema da arte-modurik ederrena. Inoiz baino gehiago dugu orain istorioak kontatu beharra. Eta oso eskertuta nago neure adineko emakume batek —31 urterekin, Mulholland Drive estreinatu nuenean, dena 40rekin amaituko zela esan zidaten arren— kondaira horren aldaketaren parte izan nintekeelako. Pantailetan islatuta ikusi behar dugu gure burua. Eta agian esan dezakedan gauzarik garrantzitsuena da, urte guzti hauen ondoren, oraindik jakin nahi dudala zer gertatzen den geroago", gehitu du.
Saria eman aurretik, JA Bayonak sarrera hunkigarri bat egin du, eta "egitate bihurtu den amets bat" bizitzen ari dela azaldu du. "Aspaldi amestu nuen Naomi Wattsek Donostia Saria jasotzen zuela, eta neuk ematen niola. Naomiren zuzendari izan direnen zerrenda ikusgarriaz zen amets hura. Ikaragarria da zerrenda, bere talentuak baino gainditzen ez duena", adierazi du.

Bayonak gogoratu du aktorearekin Lo imposible filmean lan egin zuenean; filma Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo estreinatu zen. "Bada filmaketa horretan une bat, oraindik ere hunkitu egiten nauena", aitortu du. "Tsunamiak arrastaka eraman duen ondoren, bere pertsonaia, María, aktore profesionalak ez ziren bi emakume thailandiar edadetuk erreskatatu dute. Bere barreneko benetakotasunean murgildu zuen Naomik bere burua, eta bere magia egin zuen. Negarrez hasi zen, atsekabeturik. Gidoian ez zetorren horren ondoren agertuko zen ezer. Emakume bat, lehertua, besterik ez zegoen, ezezagun batzuen kontsolamendu eske. Naomik konfiantza duenean agertzen da naturaren indar hori", azpimarratu du zuzendariak, esperientzia hark zinema ulertzeko modua eta aktoreak zuzentzeko era aldarazi ziotelako.
