Urte osoan egiten du lan Zinemaldiak jasangarritasunaren alorrean, baina hartzen diren erabaki askok edizioa bera gauzatu bitartean hartzen dute alderdi nabarmena. Zinemaldiak iraun bitartean milaka pertsona hirian mugitzen direnez, mugikortasunean du lan horrek garrantzi berezia.
Ale honetan, nola Donostiara iristeko hala Zinemaldiaren egoitzen artean mugitzeko garraio-aukerei erreparatzen diegu.
Garraio publikoaren alorreko hainbat aukera daude Espainiako beste toki batzuetatik edo atzerritik datozenentzat. Bilbo, Donostia eta Biarritzeko aireportuek hainbat alternatiba eskaintzen dituzte handik hiriraino jarraitzeko.
Bilboko aireportutik, Lurraldebusek zuzenean konektatzen du Donostiarekin. Donostia eta Biarritzeko aireportuetatik ere konexio-aukera ugari daude.
Ordutegiei eta konexioei buruzko informazioa kontsultagai dago dagozkien garraio-zerbitzuetan.
Hirian, DBusek Zinemaldiaren egoitza batetik bestera mugitzeko aukera ematen du. Lurraldebusek, bestalde, Donostia eta Gipuzkoako beste udalerri batzuk lotzen ditu, eta bereziki erabilgarria da Donostiatik kanpo ostatu hartzen dutenentzat.
Zinemaldiaren egoitza nagusiak hiriko hainbat puntutan banatuta daude. Hona hemen Zinemaldiaren egoitzetara hurbiltzeko aukera ematen duten DBus lineetako batzuk:
Baliteke ibilbideak eta ordutegiak aldatzea edizioak dirauen bitartean; horrenbestez, komeni da joan-etorri bakoitzaren aurretik informazio eguneratua kontsultatzea.
Zinemaldiko saio eta jarduera batzuk azken ordura arte luzatzen dira. Joan-etorri horietarako, komeni da gaueko ordutegian erabilgarri dauden garraio publikorako aukerak ere kontsultatzea eta itzulera aldez aurretik planifikatzea. Zinemaldia dela-eta, Dbusek ordutegi eta zerbitzu bereziak ezartzen ditu irailaren 18tik 26ra, gaueko zerbitzuak eta lineak barne hartuta.
Dbus Zinemaldian zehar
MUGI txartelak Gipuzkoako garraio publikoko hainbat zerbitzu modu integratuan erabiltzea ahalbidetzen du. Aukera praktikoa izan liteke egonaldian hainbat joan-etorri egiten dituztenentzat.
Mota askotako txartelak daude, pertsona bakoitzaren beharren arabera.
Bizikleta da Donostian ibiltzeko beste aukeretako bat. Dbizik —hiriko bizikleta-zerbitzu publikoak— hainbat gunetan banatutako geltokiak ditu, eta hainbat guneren artean ibilbide laburrak egiteko aukera ematen dio erabiltzaileari.
Halaber, Zinemaldiaren egoitza gehienak oinez joateko moduko distantziara daude elkarrengandik. Hiriko zenbait jarduera eta emanaldiren artean mugitzeko aukera bereziki erraza da.
Mugikortasuna da, hain zuzen ere, Zinemaldiaren edizioan zehar jasangarritasun-lana gehien ikusten deneko eremuetako bat. Alabaina, lan hori Zinemaldiak urtean zehar garatzen dituen edukietan eta ekimenetan ere agertzen da.
Aurten, Tanta sariaren lehen edizioa egingo dugu, European Climate Foundationekin lankidetzan, klima-aldaketari buruzko ikuspegia txertatzen duten ikus-entzunezko proiektuak aintzateste aldera. Gainera, aurten ere, Greenpeace España erakundeak Lurra saria emango dio programazio ofizialeko filmen artean bakearen eta ingurumenaren defentsaren balioak hobekien islatzen dituenari.
Lan beraren parte diren bi ekimen: Zinemaldian jasangarritasuna txertatzea hainbat esparrutatik, baita zinemaren eta babesten ditugun istorioen medioz ere.
