Prejuicios (Javi Pradak zuzendua) eta Headscarf (Lucía Saavedrak zuzendua) film laburrek irabazi dute, hurrenez hurren, gizarte-gaiekin lotutako film laburren Loterías sariketako lehen saria eta bigarren saria. Donostia Zinemaldiak eta SELAEk (Sociedad Estatal Loterías y Apuestas del Estado) antolatu dute sariketa hori.
Lehiaketaren hirugarren ediziora 120 lan inguru aurkeztu ziren. Horien artean, Hautespen Batzordeak sei aukeratu zituen, Lorena López aktoreak, María Núñez Loterien Komunikazio zuzendariordeak eta José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendariak osatutako epaimahaiak baloratzeko. Hirurak izan dira gaur arratsaldean Trueba zinemako filmen proiekzioan eta ondorengo sari-banaketan. Ekitaldi horretan, Loterías erakundeko presidente Jesus Huertak ere parte hartu du.
Prejuicios filma, 10.000 euroko lehen sariaren irabazlea, 70eko hamarkadako Espainian girotuta dago, Marokoko unibertsitario batek diktadura frankistan diskriminazioari aurre egin behar izan zionean. Headscarf film laburrak, berriz, kimioterapia jaso ondoren emakume batek bere feminitatea eta segurtasuna berreskuratzeko duen borroka erakusten du. Beste lau finalistak Isabel Sáez Pérezen La raíz; Anuska Ariztimuñoren 3 días, 3 noches; Arturo Mombiedro Lozanoren Amarraditos, eta Isabel María Mongeren MA-MA izan ziren.

Lehiaketaren helburua da aberastasuna birbanatzea, desparekotasunak ezabatzea eta justizia soziala sustatuko duten mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzea ikus-entzunezkoak erabiliz. Koherentziari eutsiz, lehiaketara aurkeztutako film laburren gai nagusiak hauek izan dira: arraza-bereizkeria, bakardadea eta adinekoen zaintza, minbiziaren aurkako borroka, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak edo migrazioaren krisia.
Loterías y Apuestas del Estado erakundearen “beharrezko babesa” eskertu ondoren, Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek esan du “pozik” dagoela Loterías sariaren hirugarren deialdiaren bilakaerarekin. “Ehun lanetik gora jaso ditugu berriro ere, maila handikoak, bai formari bai edukiari dagokienez. Ez naiz nekatuko errepikatzeaz zinema entretenitzeko aukera paregabea dela, baina baita gizarte-eraldaketarako oso eragile indartsua ere, edizio honetan jorratu diren gaiekin egiaztatu ahal izan dugun bezala”.
Bestalde, Loteríaseko presidente Jesús Huertak nabarmendu duenez, “Loterías eta Donostia Zinemaldiaren arteko harremana tradizio bihurtu da dagoeneko, historia luzea eta gizartean errotze nabarmena duten bi erakunderen arteko harremana baita. Kulturaren zereginean sinesten dugu, aurrera egiten, kontzientziak astintzen eta gizartea eraldatzen laguntzen digun tresna gisa”. “Hain zuzen ere, aurten aurkeztutako film laburrek, kalitate handikoak, begirada kritikoa eta konpromiso soziala eskaini dituzte, ezinbestekoak baitira gizarte moderno, demokratiko eta aurreratu batean elkarrekin aurrera egiteko”, nabarmendu du Jesús Huertak.