"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiko Gazteak, zinema, memoria eta demokrazia sailak Rocío (1980) filmaren inguruko hiru jarduera antolatu ditu egunotan. Fernando Ruiz Vergararen dokumentala, Espainiako Trantsizioan zentsuratua, protagonista duen Rocío, una película maldita programa Espainiak askatasunean 50 urte bete dituela ospatzeko Ordezkaritzak antolatu du, eta Rocío filmaren bertsio osoaren emanaldia, Ruiz Vergararen amaitu gabeko lanei buruzko dokumental bat eta De eso no se habla podcastaren zuzeneko saio bat biltzen ditu.
1976 eta 1978 artean filmatua, El Rocíoko Ama Birjinaren erromeriari buruzko dokumentala da Rocío, eta Almonte eskualdean (Huelva) frankismoaren errepresioa jasan zutenen testigantzak jasotzen ditu. Filmean José María Reales Carrascori Gerra Zibileko errepresioan udalerrian izandako ehun hilketa (99 gizon eta emakume bat) leporatzen dizkiote.
Filma estreinatu eta gutxira zentsuratu zuten judizialki, eta horrek zuzendaria Portugalera erbesteratzera behartu zuen eta haren ibilbidearen zati handi bat zapuztu zuen. Lau hamarkada baino gehiagoren ostean, Rocío filmaren bertsio osoa Donostian emango da bihar (asteazkena) Trueba 1 zinema aretoan 19.15ean, zinema-erreparazio gisa. Iaz, Ordezkaritzak eta Zinemaldiak Basilio Martín Patinoren Canciones para después de una guerra filmari egindako omenaldiarekin abiatu zuten ildo hori; film hori ere zentsuratua izan zen bere garaian.
Gainera, Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezko Laborategiak Jornaleros, Cara A: Rocío hartuko du bihar, 17:00etan. Isabel Cadenas Cañonek zuzentzen eta aurkezten duen De eso no se habla podcastaren zuzeneko saioa izango da; lan horri esker, Ondas saria jaso zuen Cadenasek.
Azkenik, ostegunean, hilak 24, 16:00etan, Caja de resistencia dokumentala emango da Trueba 1 zinema aretoan. Alejandro Alvaradok eta Concha Barquerok zuzendu dute lana, eta, disidentzia-keinu gisa, Fernando Ruiz Vergarak Rocío filmaren zentsura judizialaren ondoren amaitu gabe utzi zituen proiektuak irudikatzen ditu.



