Diego Lunak zuzendutako Ceniza en la boca / Ashes (Horizontes Latinos) filmak irabazi du Agenda 2030 Euskadi Basque Country saria. Sari hori bosgarren urtez jarraian ematen du Eusko Jaurlaritzak, Donostia Zinemaldiaren baitan, Nazio Batuen Erakundeak eta Euskadiko 2030 Agendak sustatzen dituzten Garapen Jasangarrirako Helburuen ezaugarri nagusi diren jasangarritasunaren eta elkartasunaren balioak hobekien islatzen dituen filmari. Saria 20.000 eurokoa da, eta film luzearen ekoizle nagusiari ematen zaio.
Epaimahaiko kideak izan dira María Vázquez aktorea (mahaiburua ere bera izan da); Jone Laspiur artista eta aktorea; eta Asier Aranbarri, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialeko zuzendaria. Saria emateko ekitaldia gaur arratsaldean egin da Tabakalerako Prisman, eta bertan izan dira, halaber, José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria, eta Diego Lunaren laguna den Chema Prado, saria bere izenean jaso duena.
Epaimahaiak Ceniza en la boca filmari eman dio saria “migrazio fenomenoaren bidez, arazo sozialak, politikoak, ekonomikoak eta genero-arazoak zeharka jorratzeko erakusten duen iaiotasunagatik”. “Giza sentiberatasun handiko zuzendaritzaren eta antzezpenen bidez, hark islatzen duen errealitate sozialarekin konprometitutako narratiba zinematografikoa sortzen baitu”, dio epaimahaiaren aktak.

Bideo baten bidez, Diego Lunak eskertu egin du filmeko taldearentzat "oso garrantzitsua" den saria, publiko zabalago batengana iritsiko den hausnarketa eragitea nahi duelako. "Zinema garaiotan nabigatzeko ezinbesteko aldaketarako tresna dela uste dugu. Zineak hausnarketa kolektibo bat egitera gonbidatzen gaitu, eta hausnarketa horrek hobeak besterik ezin gaitu egin. Ondu genuen filmak emakume bati buruz hitz egiten du, beste askok bezala, bere lekua bilatu eta dena atzean uzten duen emakume bati buruz. Alde egiten dutenei eta lekuz aldatzen direnei buruz ere hitz egiten du, baina baita harrera egiten dutenei buruz ere ", adierazi du. Azkenik, epaimahaiari eskerrak eman dizkio publikoaren bila abiatu berri den proiektu batentzat" itsasargi" bat delako saria.
Horizontes Latinos sailean dagoen Ceniza en la boca / Ashes (Mexiko-Espainia) ekoizpena Agenda 2030 Euskadi Basque Country saria lortzeko lehian ziren beste sei lanei nagusitu zaie: Ruega por nosotras / Pray for Us, (Sail Ofizialekoa); FLORID (New Directors sailekoa); Cinco años, cuatro meses / Five Years, Four Months, (Horizontes Latinos sailekoa), La bola negra (Perlak sailekoa), Fatherland (Perlak sailekoa), eta Fjord (Perlak sailekoa).