2026ko azaroaren 26tik abenduaren 2ra bitartean MASSen hirugarren edizioa ospatuko da Buenos Airesen eta Montevideon. MASS Espainian ekoitzitako sei filmen erakustaldia da, Donostia Zinemaldiko eta Málagako Jaialdiko azken edizioetan parte hartu duten filmak biltzen dituena. Ekimenak Espainiako Kultura Ekintzaren (AC/E) babesa du, kultura nazioartekotzeko ildo estrategikoaren bidez, baita Espainiako Kultura Ministerioarena ere, Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) bidez. Saio guztietara doan sartu ahal izango da, leku guztiak bete arte.
Argentinako hiriburuan, proiekzioak Centro Cultural 25 de Mayo kultur etxean eskainiko dira, Buenos Aires Hiriko Kultura Ministerioaren eta Argentinako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren laguntzarekin. Montevideon, ekimenak Uruguaiko Zinema eta Ikus-entzunezkoen Agentziaren (ACAU) eta Montevideoko Espainiako Kultura Zentroaren babesa izango du. Saioak Cinemateca Uruguaya-n egingo dira, eta bi mahai-inguru ere antolatuko dira bertan; laster jakinaraziko da haien edukia.
MASS Buenos Airesen hasiko da, azaroaren 26tik 28ra, eta Montevideon jarraituko du, azaroaren 30etik abenduaren 2ra, Ventana Sur 2026 esparruan. José Luis Rebordinos eta Juan Antonio Vigar, Donostia Zinemaldiko eta Málagako Jaialdiko zuzendariak, hurrenez hurren, Espainiako ordezkaritzaren buru izango dira. Haiekin batera, filmetako lantaldeetako kideak ere joango dira; horiek filmak aurkeztuko dizkiete ikusleei, eta proiekzioen ondorengo solasaldietan parte hartuko dute.
Donostia Zinemaldiaren aldetik, Javier Ruiz Caldera zinemagileak 5 minutos más aurkeztuko du. Filma Sail Ofizialean lehiatu zen, eta Javier Cámarak Taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen. Javier Ginerrek —New Directors sailean parte hartu zuen Esta soledad filmarekin— bere lehen film luzea aurkeztuko du Marina Salasekin batera. Donostiako hautaketa osatzeko, Isaki Lacuestaren Jaleos ez-fikziozko filma izango da ikusgai. Lan horrek begirada berezia eskaintzen dio flamenkoaren munduari.
Málagako Jaialdiari lotutako programan Yo no moriré de amor eskainiko da, Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga irabazi zuena. Filmaren zuzendari Marta Matutek, bere lehen film luzea zuzendu duenak, MASSen parte hartuko du Júlia Mascortekin batera; azken horrek emakumezko interpretazio onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen. Berlingo Jaialdian Teddy saria irabazi ondoren, Ian de la Rosaren Iván & Hadoum filmak Epaimahaiaren Sari Berezia, gidoi onenaren Zilarrezko Biznaga eta Silver Chicón aktorearentzako Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zituen Málagan. Aktoreak zuzendariarekin batera parte hartuko du saioetan. Marta Díaz de Lope Díaz zinemagileak eta Sofía de Iznájar aktoreak Pioneras. Solo querían jugar aurkeztuko dute. Film horrek Publikoaren Saria jaso zuen Málagan.
MASS Espainiako zinemaren nazioarteko zabalkundea sustatzeko eta bertako ahots eta sormen-proposamen berriak beste lurralde batzuetako ikusleengana hurbiltzeko ahaleginen parte da. Hirugarren edizio honetan, ekimenak Atlantikoaren bi aldeetako zinematografien eta profesionalen arteko topaketa sustatuko du berriro, eta Argentinan eta Uruguain ikusgarritasuna emango die begiraden, generoen eta kontatzeko moduen aniztasunagatik nabarmentzen diren filmei.

|
BUENOS AIRES | Centro cultural 25 de Mayo (Av. Triunvirato 4444, Villa Urquiza)
|
|
Azaroak 26 (Osteguna)
|
|
Azaroak 27 (Ostirala)
|
|
Azaroak 28 (Larunbata)
|
|
MONTEVIDEO | Cinemateca Uruguaya (Bartolomé Mitre 1236) | Ordutegiak konfirmatzeke
|
|
Azaroak 30 (Astelehena)
|
|
Abenduak 1 (Asteartea)
|
|
Abenduak 2 (Asteazkena)
|