Mike Leigh, Urrezko Palmaren irabazlea Cannesen eta Oscar sarietarako izendatua, bere film luze berriarekin itzuli da, Tender Loving Care; oraingoan, zaintzaren gaiari helduz mundu garaikidearen bere esplorazio
buruargiarekin jarraitzeko.
Amy (Kate O’Flynn) eta Rosie (Alice Bailey Johnson) dira protagonistak, bi lagun min eta gizarte-langile. Egunero besteen arazoei aurre egiten diete, baina beren bizitzek ere badituzte arrakalak. Lana eta adiskidetasuna dira bi emakumeen arteko loturaren oinarriak, eta Leighek horien bidez erakusten du zaintza ez dela beti norabide bakarrekoa: besteei laguntzen dietenek ere laguntza behar dute.
Mike Leighek, beste behin ere, gizatasunaren ikuspegitik begiratzen dio errealitateari, eta, ezin bestela izan, britainiar umore beltz bikainaren hainbat ukitu ere eskaintzen ditu. Zuzendariaren aburuz, “espero
dut filma ihesbide erromantiko gisa ez ulertzea; errealitatearen ikuspegia gogorra da. Errukiarekin du zerikusia, eta hori garai hauetan beste edozein garaitan bezain garrantzitsua da”.
Ildo horretan, Paul Jessonek, Amyren aitaren papera egiten duenak, adierazi duenez, “elkarri lagundu behar diogu, elkar zaindu behar dugu, baita ezezagunak ere. Zaila da kalean laguntza eskatzen ari den
norbaiten ondotik pasatzea, mundua hain erasokorra denean, diru-kopuru izugarriak dituzten pertsonek kontrolatzen dutenean eta herrialdeak modu basatian gobernatzen dituztenean. Garrantzitsuagoa da begiak
ez ixtea eta belarriak ez estaltzea, guri pertsonalki gertatzen ez zaigulako bakarrik”.
Zuzendaria, proiekzioaren ondorengo prentsaurrekora bide telematikoz konektatu dena, bere gidoiaren eta lan egiteko moduaren askatasuna aldarrikatu du, pertsonaiei interpretatzeko askatasuna emanez. “Nire filmak gidoirik idatzi gabe egiten ditut; ez naiz gidoi batetik abiatzen, eta, bai, inprobisazioak zeresan handia du pertsonaien bilakaeran eta harremanetan. Gidoia inprobisaziotik sortzen da”.
Hurrengo belaunaldien etorkizunari buruz galdetuta, Leighek adierazi du “tunelaren amaieran argia ikusi eta baikorra izan nahi duela. Seme-alabak eta bilobak ditut. Nire biloba gazteenak
bi urte ditu eta XXII. mendera arte biziko da; orduan, nire adina izango du. Espero dut mundu hori mundu ona izatea eta haren bizitza positiboa izatea. Bestalde, ez da erraza ikuspegi positiboa izatea. Munduan
gauza negatiboak gertatzen dira. Ez da dena zuria ala beltza”.
Ildo beretik, Marion Baileyk, Amyren ama interpretatzen duenak, “moralki positiboak izateko betebeharrari” buruz hitz egin du, nahiz eta egun hori “zaila” dela uste duen. “Hogeita hamar urte genituenean pentsatzen
genuen mundua aldatuko genuela, gauzak hobera joango zirela, era guztietako errepresioak eraitsiko genituela eta bizitza hobea izango genuela. Garai hartan norbaitek gaur ikusten ari naizena kontatu izan balit, harrituta geratuko nintzatekeen”.
Agerraldia azkentze aldera, Leighi galdetu diote ez ote den hau bere azken filma izango, zuzendariak azaldu du mugikortasuna nabarmen zailtzen dion arazo mediko bat duela -miositisa- eta, bai, litekeena dela hau izatea bere azken proiektua.
Sergio Basurko