1945eko abuztuaren 6an bonba atomikoa jaurti zuten Hiroshimara, baina oroimen kolektiboan geratu den irudia ez da erretako gorputzena, ezta horiek salbatu nahian ibilitakoena ere. Ikuspegi hori, ostera, jesuita
euskaldun batek bizi izan zuen: Pedro Arrupek. Bere bizipenak oinarri hartu ditu Maite Ibañez zuzendariak Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica filmean.
Filmak izen bereko liburua du oinarri. Zerk piztu zuen zure interesa?
1945eko abuztuaren 6an Arrupe Hiroshiman egon izanak arreta deitu zidan, une zehatz hartan bizitakoa figura ezagutzeko aukera izatea. Ni historiaren eta arkeologiaren mundutik nator, baina ikus-entzunezkoen munduan lanean hasi nintzenetik, batik bat, biktimekin lan egin izan dut, giza eskubideen defentsan, eta nire lanarekin hibakushei, bonba atomikotik bizirik atera zirenei, ahotsa emateko aukera ikusi nuen.
Leire Arrietak Arruperen urratsak jarraitzen ditu liburua ia bidaia gida gisa erabiliz.
Bidaiaren bidez egituratu nahi izan nuen liburua bere literaltasunean agertzeko modua zelako, Arrupek Japonian eta Erroman egin zituen aztarnei jarraituz. Horrez gain, asko interesatzen zitzaidan emakume bat izatea. Jesuitei buruzko dokumental batek maskulinotik duen guztia ikusita emakume baten begirada ere behar nuen, unibertsitateko irakasle batena, hain zuzen ere. Filma ez baita Arruperi buruzko biografia bat; bidaia emozional zein pedagogikoa da. Erantzukizun historiko handia duen bidaia.
Nola aurkitu zenituzten hibakus hak?
Japonian ekoizleak izateak lagundu egin zigun. Bonbardaketaren 80. urteurrenaren testuingurua aprobetxatu genuen joateko. Eta, noski, pertsona horiek, gutxienez, gertatu zenaren kontzientzia izateko 90 urte inguru izan behar zituzten. Bizirik atera zirenekin hitz egiteko ametsa genuen, Arrupek artatu zituen horiek ezagutzekoa. Baina amets bat iruditzen zitzaigun, ez helburu bat.
Helburua, ostera, lortu egin zenuten.
Ez dut gehiegi aurreratu nahi, baina bai, ametsa bete genuen. Beraien azken aukera izan da gertatutakoari buruz hitz egiteko eta pertsona horiek oihukatu egin digute esanez: “Ikusi ezazue zer egiten duen bonba atomiko batek”.
Filmak energia atomikoa helburu belikoetarako erabiltzearen arriskua jorratzen du. Baina baita norbanakoaren gizatasuna ere.
Hori da filmaren gakoa, Arruperen gizatasuna. Dokumentalaren kontakizuna leherketa gertatu eta ordu gutxira hasten da; Arrupe bonbaren hipozentroan dauden kide batzuen bila ateratzen den unean. Haien bila
irten eta energia nuklearrak dakarren izugarrikeria guztia aurkitzen du. Egoera horretan erreakzionatzeko gaitasun izugarria du, lan egiteko eta laguntzeko. Gerraren gizatasunaren isla izan zen.
Baina bere lana egun hartan egin zuenetik haratago doa.
Mundu guztia erori zenean, energia nuklearrari buruz hitz gehiagorik ez egiteko isiltasunaren paktua zabaldu zenean, isiltasunarekin hautsi zuen. Ez zituzten heriotzei buruzko datuak eman. Ez zuten energia nuklearrak dakarren ondorioez hitz egin. Energia horren ondorioak oinordekoek ere jasan zituzten; jasaten ari dira. Gaur egun ere ondorioak baititu energia nuklearrak.
Filma iraganaren oroigarri bat da, baina baita etorkizunerako ildo bat ere.
Hori da. Arrupek 50eko hamarkadan zein 60ko hamarkadan eman zuen oihu horrekin energia nuklearrak egin zuenari buruzko hitzaldiak eman zituen. Niretzat, filma egitea lekuko hori hartzea zen, eta esatea: “Mesedez, entzun ditzagun hibakushak. Bonba nuklearrei ez”.
NAIA ARANTZAMENDI