Nola aurkitzen dugu gure lekua gizartean? Nola eraikitzen dugu gure nortasuna? Galdera horiei jarraiki abiatu zen Elsa Oliarj-Inès zuzendaria eta Txakun txakür bere film luzean bilakatu da emaitza. Dans leur jeunesse il y a du passé (2014) eta Les airs sauvages (2017) film ertainak zuzendu ostean Donostia Zinemaldiko Zinemira atalean estreinatuko du bere opera prima.
Bere haurtzaroko ikastolara -Zuberoan kokatua- bueltatu da zuzendaria, zehazki, eskolako patiora, eta zortzi urtez haur talde berbera grabatu du. Hemeretzi haur filmatu ditu orotara; haurrek hiru urte zituztenean abiatu zituen grabaketak eta hamaika urtera arte jarraitu ditu. Haur horietako bakoitzak bere nortasuna nola eraikitzen duen ulertzeko saiakera eginez, “gure nortasuna besteen artean eraikitzeko nola egiten dugun filmatu nahi izan dut, gure barneko gu ateratzeko, nor garen atzemateko”.
Eskolako patioa aukeratu du grabaketa egiteko lokalizazio bezala, hain zuzen ere, ezagutzen dugun lehen sozializazio espazioa delako, eta heldurik gabeko gune bat nahi zuelako. “Guztiok izan ohi dugun lehen espazio sozialean grabatu nahi nuen, gurasorik gabeko gunea, irakaslerik gabekoa, haurrek beraien arauak jarraitzen dituzten leku propioa. Adin horretan gure bizitza soziala eremu horretara mugatzen da”.
Jolasa harremanen erdigune izanik, haurren erlazionatzeko moduak jarraitzen ditu kamerak, “jolasaren bidez taldean non kokatzen zaren argi geratzen baita”. Urteak aurrera joan ahala jolasak, gutxinaka, rol joko bilakatzen direlarik: Jolasa nork proposatzen duen, nola banatzen diren rolak, nor dagoen kanpoan, nor barruan... horrekin guztiarekin gizartean kokatzen joaten gara”. Horrela, egoera ezberdinen testigu bilakatzen du ikuslea, bakoitzaren rolak nola aldatzen diren jarraitzeko aukera emanez.
Haurren erritmora mugitzen da kamera, zuzendariak argi baitzuen ez zegoela jarraipen hori egiteko beste modurik; beraien begiradan kamera kokatu eta haurrei ahotsa eman. “Zaila izan zen umeen munduan sartzea heldu izanik. Kamerarekin sartzeko libre sentitu behar nintzela konturatu nintzen, hau da, beraien atzetik joan behar zena ni nintzela, beraiekin batera korrika eginez, beraiek bezala mugitzeko”.
Filmaketarekin abiatu zenean zuzendariak argi zuen haur bakoitzaren ibilbidea jarraitu nahi zuela, ez zuela inor kanpoan utzi nahi. “Niretzat oso garrantzitsua zen haur guztiak filmatzea, ez nuen hautatu nahi,
ez nuen bata edo bestea kanpoan utzi nahi, nik filmatzen nuelarik bakoitzaren bidea jarraitu nahi nuen”. Horrela, filmaren une batean klase osoa neska bakar baten aurka nola oldartzen den filmatzen du. Une horretan Elisekin topo egiten du filmak. “Zer ez nuen ikusi indarkeria hura hazten ari zela ez ohartzeko”.
Hasiera batean proiektuak haur bakoitza jarraituz egituratutako telesail bat izan behar zuen, baina bidean
erabakiak hartu eta bideak aldatuz joan ziren. Horrela, Elisen bidea jarraitzeko erabakia hartzen da filmean. “Elisek bizi izan duena bizitu dut, hortaz, nik egindako bide berbera bizitzen ari zen haurra aukeratu nuen”.
Ariketa interesgarri bat proposatzen du zuzendariak, gainontzekoen begiradapean gure bidea egin eta gure lekua bilatzeko ditugun borrokak erdigunean jarrita. Testuinguru oso zehatz bat bide hartzen baitu norbanakoaren identitatearen eraikuntzan mugarri diren harremanak islatzeko.
N.A.