Euskal zinemako emakume profesionalak erdigunean jarri eta aldarri eginez ireki zuten bart Euskal Zinemaren Gala Handia Victoria Eugenia antzokian. Miren Gaztañaga eta Ane Gabarainek ospakizunez jositako gaua gidatzeko ardura izan zuten.
“Zinema euskaraz egitea ez da erraza izan eta emakume profesional gisa bidea egitea ere ez, baina istorio honen parte gara, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Historia kontatzen jarraitu nahi dugu eta atzetik datozenentzat erreferente izan. Hemen jarraitzen dugun bitartean gure historiak aurrera egingo du”. Itziar Aizpuru aktorearen emozioz jositako hitzek gaua goi-goitik abiatzea eragin zuten.
Hain zuzen ere, “hemen gaude” horretatik abiatuz, Maialen Belokiren zuzendaritza berria txalotu eta, aldi berean, Lucía Olaciregui zein Jose Luis Rebordinosi agurreko txalo zaparradarekin jarraitu zuen gauak. “Eskerrak eman behar dizkiogu euskal zinemaren industriari, benetan babestuta sentitu gara”, esanez agurtu zen Rebordinos.
Sektorearen bihotza eta eskuak diren profesionalak erdigunean jarri eta sari banaketari heldu zioten gidariek.Gidoi Elkarteak SGAErekin batera Euskal Herriko Gidoigile Onenaren Saria eman zioten Alauda Ruiz de Azua gidoilari eta zuzendariari, hain zuzen ere, 2025eko Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen Los domingos filmaren gidoiagatik. Ez zen, ostera, filmak jaso zuen sari bakarra izan. Zinema aretoetara ikusle gehien eraman dituen euskal ekoizpena izateagatik EZAE Saria bereganatu baitzuen.
Gauak, gainera, izan zuen berrikuntzatik, Ander eta Yul (1989) zaharberritu ondoren Euskadiko Filmategiak Ana Diez zuzendari nafarra saritu baitzuen. Kamera atzeko lanetik aurrerako jauzia eman eta EABren Distira sariak Aitziber Garmendiaren lanaren bikaintasunaz gain, eraikitako ibilbidearen sendotasuna eta konpromisoa nabarmendu zituen.
Kultura sustatzeaz gain zaintzea ere garrantzitsua dela oinarri hartuta, Isabel Octavio ETBko zuzendariak EITB Egile Berriak Saria eman zion Alberto Gastesi zuzendariai. “Babesa eskaini nahi dizuegu egile berrioi, zuen istorioak hemen sortu eta mundu guztira zabaldu daitezen”. Gaua borobiltzeko unea, ostera, Kandido Uranga eta Zorion Egileorren eskutik etorri zen. “Profesional aparta, ausarta eta konprometitua” bezala definitu zuen bikoteak lankide zein lagun Jose Ramon Soroiz, aurtengo Zinemira Saria jaso bitartean.