Heriotza abiapuntu hartuta, bizitzaz, porrotez eta bigarren aukerez hitz egiten du Koldo Almandozek Azken agurra filmean. Zinemagileak bere hirugarren film luzea aurkeztu du Zinemaldian, umore beltza eta malenkonia uztartzen dituen istorioa. Filma euskaraz osorik filmatu du, eta Donostiako paisaiak dira istorioaren agertokia.
Hileta laikoen enpresa baten nagusia zarenean; mozkor gidatzeagatik gidabaimena kendu dizutenean; 25 urte gazteagoa den praktiketako ikasleaz maitemintzen zarenean; zure alaba, berak uste zuen aita ez zarela konturatzen hasten denean. Dirua zor diozun boxeolari ohia zure atzetik dabilenean; heriotzak bizitzak baino interes gehiago pizten dizunean… Zer atera daiteke gaizki?
“Nire asmoa hasieran tipo hori amildegiaren ertzean kokatzea zen, baina istorioak aurrera egin ahala, ikusleei berarekiko nolabaiteko samurtasuna sentiaraztea”, azaldu du Almandozek.
Filmaren heriotzarekiko begirada ez da guztiz fikziozkoa. Proiektua lantzen ari zela, Almandozek ama galdu zuen, eta bizipen horrek ezinbestean beste dimentsio bat eman zion filmari. Heriotza ez zen, beraz, soilik gidoiaren abiapuntu edo gai narratibo bihurtu; zuzendariaren beraren bizitzan ere oso presente egin zen filmaren sorkuntza prozesuan. Almandozek “gizon helduen miseria txikiez” hitz egiten du, eta horren atzean doluaren esperientzia pertsonala ere antzematen da.
Azken agurra heriotzari buruzko filma da, baina, batez ere, bizitzen jarraitzeko moduaz ari da. Porrot baten ondoren beste bat etor daiteke, eta hala ere badira aurrera egiteko arrazoiak. Batzuetan, baita barre egiteko ere. “Unibertso berezi bat sortu nahi nuen. Eta egia da heriotzaz hitz egiten duzunean, halabeharrez hitz egin behar duzula bizitzaz”.
Hizkuntzari dagokionez, Almandozek ez du euskara hautu estrategikotzat aurkezten, berezkoa duen adierazpide gisa baizik. “Hazi naizen eta nire proiektuak lantzen ditudan hizkuntza da. Nire erreferentziazko mundua da”, esan du.
Bestalde, Almandozek “kiroltasunez” hartu du Donostian lehiaketatik kanpo geratu behar izatea eta, aldiz, Varsoviako zinema-jaialdiko sail ofizialean lehiatzeko egokitu izana. Zuzendariarentzat, film baten ibilbideak baditu halako kontraesanak eta jaialdi bakoitzak bere irizpide eta logikak ditu.
Donostia, gainera, ez da filmaren kokaleku hutsa. Almandozek hiria beste begirada batetik erakutsi nahi izan du, paisaia gordinak istorioaren parte bihurtuz. Zentzu horretan, Zinemaldiko estreinaldiak badu itzuleraren kutsua: filma sortu eta filmatu den hirian aurkeztea.
SERGIO BASURKO