Gemma González Martínez zuzendariak itsasoa jarri du elkarrizketarako gai gisa bere lehenengo film luzean. Bere lan egiteko moduaren erakusgarri den film gisa definitu du proiektua, hain zuzen ere, duela hamar urte sortu zuen KulturFemme berdintasun zigiluaren oinarri berbera baitu filmak: tradizioz leku gutxi izan duten emakumeen ahotsak ozen entzunaraztea.
Lehenik eta behin, nola iritsi dira haenyeo urpekariak zure bizitzara?
Nire familiaren historia eta familiak itsasoarekin izandako harremana ikertzen hasi nintzenean egin nuen topo beraiekin. Nire aitona arrantzalea zen. Galiziatik Gipuzkoara etorri zen lan egitera eta, hari horri tiraka hasi nintzen, aitonaren inguruko istorio bat aurkituko nuelakoan, baina zenbat eta gehiago ikertu, hare gehiago lotzen nuen istorioa amonarekin. Izan ere, aitona zen itsasora ateratzen zena, baina amonak eusten zion gainontzeko guztiari, familia ekonomiari, etxeari, seme-alaben hezkuntzari, eguneroko antolaketari eta baita familia barruko kultura zein baloreen transmisioari. Prozesu horretan barneratuta nengoela ikusi nituen estreinakoz Jejuko haenyeo irudiak. Emakume urpekariak, haietako asko helduak, itsasoan lan eginez familia zein komunitateak sostengatuz. Eragin handia izan zuen nigan.
Eta beraiekin elkartu zinen lehenengo unean.
Beraiek ezagutzeko aukera izan nuenean zerbait zoragarria gertatu zitzaidan. Etxetik 10.000 kilometrora nengoen, baina emakume haiek nire amona gogorarazten zidaten. Une horretan konturatu nintzen istorio bat zegoela.
Fisikoki urrunduta dauden —Hego Korea eta Euskal Herria— bi komunitateren arteko elkarrizketa planteatzen duzu filmean.
Hasiera batean zerikusirik ez duten bi leku dirudite; kultura ezberdinak, lanbide ezberdinak. Baina hori izan zen interesatu zitzaidana. Emakumeak entzutean lanbidetik haratagoko konexioak agertu ziren: inguruarekiko harremana, ahalegin fisikoa, itsasoaren ezagutza, bizitza antolaketa… Baina nire asmoa ez zen komunitate horien arteko antzekotasunak bilatzea, kostalde bien arteko elkarrizketa bat eragin eta zer gertatzen zen ikustea baizik. Ideia hori filmaren bihotza bilakatu zen; lurrak banatzen duena itsasoak elkartzen du.
Zer da beraientzat itsasoa?
Lanbideaz haratago, bizitzeko modu bat da. Itsasoak ordutegiak, urtaroak, familia harremanak eta lan egiteko moduak zehazten ditu. Baina ez nuen erromantizatu nahi. Alde gogorra ere hor dago, eta emakume hauek ongi ezagutzen dute: esfortzua, hotza eta arriskua. Itsasoa identitatea, askatasuna, harrotasuna eta pertenentzia da beraientzat.
Dokumentalak errelebo falta duten lanbideei ahotsa ematen die.
Filmean modu naturalean agertzen den gaietako bat da. Lanbide horietako bat desagertzen denean, ez dugula lanbide bat galtzen soilik, belaunaldiz belaunaldi eraikitzen joan den ezagutza ere galdu egiten dela. Itsasaldiak, eguraldi aldaketak zein ziklo naturalak irakurtzeko duten jakintza zein ezagutza hori ez dago idatzia. Ezin dugu duela 50 urteko ofizioak bere horretan mantentzeko nahia izan; eraldatu egin behar dute, gizartearekin batera. Baina zein ezagutza babestu nahi dugun eta nola transmititu behar diegun hurrengo belaunaldiei hausnartu beharko genuke.
Ofizioaz haratago lanbide horiek transmititzen dituzten baloreak, bizitza erritmoak eta inguruarekiko duten harremanak geroz eta urrunago daude gaur egungo bizimodutik.
Guztiz. Geroz eta azkarragoa eta indibidualistagoa den gizarte batean bizi gara eta emakume hauekin topo egiteak birpentsatzera behartzen gaitu. Beraien bizitza idealizatzetik urrun beraien harremantzeko modutik zein inguruarekin duten lotura horretatik zer ikasi genezakeen galdetu beharko genioke gure buruari.
NAIA ARANTZAMENDI