Filmari izenburua ematen dion Winnipeg ontzia Frantziar jatorriko ontzi baten izena da, 90 lagunentzako eraikia izan zena, baina Espainiako Gerra Zibilaren amaieran, gerratik ihesean bizitzeko aukera baten bila abiatu ziren 2.578 errefuxiatu hartu zituena.
Beñat Beitia eta Elio Quirogaren zuzendaritza duen Winnipeg, itxaropenaren ontzia filmak isiltasunaren herentziarekin hautsi eta oroimena transmititzeko ezinbesteko ariketa egiten du; milaka pertsona anonimoren tragedia jarraitu eta nazioarteko sare baten elkartasunari esker beharrezko laguntza lortu eta urrutiko lurretan bizitza berri bat bilatzeko bidaia erdigunean jarriz. “Isilarazi zituzten pertsonen minak zein beldurrak berreskuratzea izan da guk egindako ariketa, isildua izan den gertakari historiko bat bistaratzea”, argitu du Beitia zuzendariak.
Frankoren tropek Bartzelona hartu ostean kokatzen da filmaren hasiera, Victor, aita alarguna, eta bere alaba Julia ihesera behartuta ikusten diren unean. Testuinguru lazgarriaren aurrean erabakiak hartzera behartuta dagoen pertsonaia helduari kontrapuntu egiten dio zazpi urteko haurraren goxotasunak. Bere begiradaren bitartez istorioa beste modu batera bizitzeko aukera zabaltzen da, alegia, jolasetik eta plazeretik. Baina askoz gehiago irudikatzen du Juliaren rolak, nahitaez, etorkizunaren ikur bilakatzen baita. “Juliaren begiradaren bitartez etorkizun bat lortzeko aukera zabaltzen dugu. Hori izan baitzen azken finean Winnipegek eraman zuena etorkizuna”.
Delia Carrilek zein Pablo Nerudak –garaian Espainiako immigraziorako kontsula zen Parisen– bultzatutako ekimenari esker milaka bidaiari hartu zituen ontziak, Frantziatik Txilera egindako bidaian. Horrela modu natural batean sortu zen Txilerekin koprodukzioa proiektua aurrera ateratzeko orduan.
Itsasoaz haratago, ostera, istorio honek ez du oihartzunik izan; gertaera baten argi zein ilunak agerian uzten dituelarik. “Txile hasieratik sartu zen proiektuan, hain zuzen ere, bertan istorio hau ezaguna delako. Beraiek izan ziren laguntza eskaini zutenak eta harro daude egin zuten horretaz”, azaltzen du Beitiak.
Gertaera historiko bat islatzeak dakarren ardura bere gain hartu eta, errespetu osoz, kontakizuna esperientzia zinematografiko bilakatu dute. Narrazioak bereziki ondo kudeatzen ditu emozio uneak eta baliabide artistikoek, animazioaren teknikaz haratago, aktoreekin egindako zuzendaritzak, zein soinu bandaren zehaztasunak filma borobiltzen dute.
Dokumental animatu gisa definitu daitekeen pelikulak zabaltzen duen elkartasun zein gizatasun mezuak oihartzuna izan du mundu mailan, hain zuzen ere, ibilbide internazional aparta egitea lortu baitu, tartean, Annecy zein Shangaiko jaialdietako sail ofizialetan parte hartzearekin.
Filmaren zentsua, azken finean, ikusleengana ailegatzea izan ohi da, baina kasu honetan, hare gehiago. “Gertaera bizitakoek zein beraien oinordekoek harrotasuna sentitzea bilatzen genuen, beraien istorioa ezagutzera emateko ardura izan dugu”.
Kontakizuna ezagutzera emateaz gain, gizartearen begirada eraldatzea izan baita zuzendarien jomuga. “Gure helburua argia zen, ikusleek laguntza behar duten horienganako begirada aldatzea. Eskua luzatu dezagun, gurekin egin zuten bezala. Hortaz, aitortza eta eskertza ariketa bat ere bada, bizitza hobe baten bila abiatutako horien guztien herrialdean hartu eta beraiekin, hau da, gurekin, izan zuten elkartasunari aitortza”.
N.A.