Atzo EITBren Gala ospatu zen Príncipe zinema-aretoetan, eta bertan Odol Ilargia telesailaren lehen bi atalak proiektatu ziren. David R. Losada zinemagileak zuzendutako euskarazko fikzioa da, eta Jon Muñoz eta Aritz Kortabarria ditu protagonista. Baleukok ekoitzitako telesailak Belén Martínezen “Cuando reescribamos la historia” eleberria egokitzen du, eta thrillerra eta fantasia uztartzen ditu bi gazteren eta hamar urtean zehar duten adiskidetasunaren istorioa kontatzeko.
Losadarekin eta bi protagonistekin batera, aktore taldearen parte handi bat ere izan zen galan. Taldean, ibilbide luzeko profesionalekin batera, interprete gazteak daude. Besteak beste, Sambou Diaby, Nekane Otxoa, Itziar de Castro, Mikele Arizkorreta, Asier Valdestilla, Lier Alava, Aitor Borobia, Nerea Sanz, Iraia Elias, Iñigo Aranburu, Miriam Cabeza, Mikel Tello, Bárbara Rivas eta Miriam del Prado.
Ordu batzuk lehenago, Londres hotelean, David R. Losada zuzendariak eta bi protagonistek, Jon Muñozek eta Aritz Kortabarriak, telesailaren nondik norakoak aurkeztu zituzten. EITBko eta Baleuko ekoiztetxeko arduradunak ere bertan izan ziren, baita eleberriaren egilea bera ere, Belén Martínez.
David R. Losadak ekitaldia baliatu zuen telesaila posible egin duten pertsona guztiei eskerrak emateko eta, bereziki, Belén Martínez idazleari, “bere eleberria askatasun handiarekin egokitzeko aukera eman digulako”. Zuzendariaren arabera, proiektuan parte hartu duten guztiek “telesaila modu berean ulertu genuen”, eta horrek, azaldu zuenez, prozesua “polita” izatea ahalbidetu du.
Losadaren arabera, Odol Ilargia thriller fantastikoa bada ere, gaur egungo gazte askori eragiten dieten gaiak ere jorratzen ditu, hala nola laguntasuna, familia-harremanak edo ikasketak, baita beste gai “ilunago eta korapilatsuago” batzuk ere. Zuzendariak azaldu zuenez, Belén Martínezen eleberriak “gai horiek guztiak enpatia eta sentsibilitate handiz lantzen ditu”, eta hori bera telesailera eramaten saiatu dira.
Jon Muñoz aktoreak adierazi zuen Odol Ilargia gazteagoa zenean ikustea gustatuko zitzaion telesaila dela, eta, horregatik, bertan parte hartzea “ohorea” dela uste du. Muñozek “besarkada” gisa deskribatu zuen fikzioa: gazteen gatazka gogorrak jorratzen dituen istorioa da, baina komediarako ere tartea uzten du. Aritz Kortabarriak, berriz, gaineratu zuen telesaila ez dela soilik gazteentzat, interesgarria izan daitekeela baita helduentzat ere; izan ere, “beren seme-alaben arazoekiko enpatia handiagoa izaten lagun diezaieke”.
Azkenik, David R. Losadak telesailean musikak duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen. Elena Setienek eta Rüdigerrek osatutako soinu-bandaz gain, euskal artisten, hala nola Belakoren edo Willis Drummonden, abestiak ere txertatu dituzte ataletan zehar. Zuzendariak azaldu zuenez, abesti horiek guztiak “pertsonaia bakoitzak zer pentsatzen duen eta zerk inspiratzen duen ulertzeko tresna” izan dira. Gainera, telesaila bi garai desberdinetan kokatzen da, eta musikak ikuslea garai bakoitzean kokatzeko ere balio izan du. Losadarentzat, euskal musikariekin lan egitea “oso dibertigarria” izan da, eta musika “telesailaren nolabaiteko marka” da.
Atzo Zinemaldian egindako aurrestreinaldiaren ondoren, Odol Ilargia telesailaren lehen bi atalak irailaren 25etik aurrera ikusi ahal izango dira EITBren Primeran plataforman. Urriaren 1ean hirugarren eta laugarren atalak iritsiko dira, eta, azkenik, urriaren 8an telesailaren azken atala estreinatuko da.
IKER BERGARA ETXEGARAI