Ez pentsa, ez da ez buru ez buztan ez duen ateraldia. Ez pentsa, ez da buru-kolpe arraroa. Ezta gogoeta eroa ere. Erraza da, zinez, Victor Hugorekin gogoratzea Deux hommes dans la ville ikusten ari zarela.
Zinez, berriro. Alde batetik Les Miserablesekin eta bestetik, 2010ean Juan Mari Agirreurretak euskarara ekarritako Kondenatu baten azken egunarekin akordatuko zara erraz asko Giovanniren pelikula begi aurrean duzula . Izan ere, mendeetan zehar musikala eta pelikula bihurtu den nobela hilezin horren Javert inspektoreak eta Jose Giovanniren polar klasiko honetako Goitreau komisarioak pentsatzeko molde bera dute, ez da gizarteratuko den gaizkilerik. Ezin da zigortua izan den inorekin fidatu, Gaitzak egin baitu bere barruan habia. Gainbegirada batez, gizaki zintzoa dela sinetsiko duzu, lana lortu du, jende frankok du estimuan. Lagunak ditu. Izango du berarekin maite maite dagoen inor. Baita berarengan konfiantza osoa duen gizaki zintzo, onest, ondraturik. Victor Hugoren nobelan Myriel gotzaina du Jean Valjean legegabeak sostengu eta ezkutu; gaiztagin benetakoa izandako José Govanniren pelikulan, Delonek antzeztutako Strabliggik Jean Gabinen Germain Cazeneuve hezitzailearengan aurkitzen du behin-behineko sosegua baina ez behin betiko bakea.
Erraza da bai, Victor Hugoren pertsonaiekin akordatzea, bere bizitzaren une askotan doilor samar jokatu zuen José Giovaniren pelikula honen aurrean gaudela, berriro zinez. Strabliggiren eta Goitreauren arteko hitzezko talkak Valjeanen eta Javerten antzekoak dira. Bai Ginok bai Jeanek euren burua aldarrikatzen dute libre, garbi, zintzo, ondratu. Ez Pasaian estreinakoz euskara entzun zuen Victor Hugoren pertsonaiak, ez kolaborazionistekin zein Erresistentzia jendearekin tratu arriskutsuetan, batzuk eta besteak abilezia ikaragarriaz saltzen, ibilitako idazle eta zinemagile markaz fuerakoak sortutako komisarioak itsu eta sorgor jokatzen duen justizia baino ez dute onartzen. Ez dute sekula ontzat emango errukior jo zezakeen legerik, akordiorik. Erortzen den gizakia ez da sekula altxatuko. Hobe, labezomorroekin egiten dugun bezala, zanpatzen badugu.
Inspektore horietako batek larrutik pagatuko du sinesmen hertsi hori. Besteak, aldiz, bere buruaz beste egingo du. Nola, zergatik, noiz? Konturatzean epaileen eta poliziaren erabakiek gizalegea betetzea galarazten diola. Erreparatzean, gizalegea betetzen badu, gizartearen arauak hautsiko dituela. Arrazoi osoa zuela sinetsirik hilko da bata. Bestea eromen moral baten eraginpean.
Eta horren guztiaren gainean, Giovannik hain hurbil izan zuen Louisette, Louison, Alarguna, Nazioaren Aitzurra bezalako izenekin ezaguna izan zen kondenatuen lepoa mozteko asmaturiko tramankulua, gillotina! Salbatu zuen aitak Jose Giovanni Louisetteren laztan estutik. Deux hommes dans la ville derrigor ikusi behar ea Alargunak maila bereko maitale ordezkorik aurkitu ote zuen zeluloidean.
Miserable (gara) guztiak, erredentzio ezinezkoa, zigorra sekula ez duzu erabat ordainduko. Ez dizue eta pagatzen utziko. Justizia itsua. Egindako okerrak beti zure zorretan. Louisette beti zain. Esperoan. Alain Delon, ekoizle, aktore, ikono. Gerard Depardieu gaztea paper txikian, Strebliggiren fama gainditu nahi duen Marcelen bandako azkena. Taviani anaiekin, Barbet Schroederrekin, Argentorekin lan egin zuen Chicagoko Minsy Farmer, La Grand Boufferen soinu banda sortu berri zuen Philippe Sarderen musika eta, bukaeraraino, Nazioaren aitzurra azken kolpea jotzeko zain, esperoan.
BEGOÑA DEL TESO