Hogei urte igaro ondoren, iragana ez da beti atzean geratzen. Batzuetan, bueltan etortzen da, saihestezina balitz bezala. Hori da Nicole Garciaren 7h40 ce matin-là / Milo filmaren abiapuntua. Alice kartzelatik atera eta Frantziako probintzia-hiri batera iritsiko da. Kafetegi batean lana aurkituko du, tailer baten ondoan, eta Milo gaztearekin egingo du topo. Gaztea bere semea da, baina Milok ez daki nor den emakume hori. Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztutako filmean, Garciak Aliceren iragan politikoa du mintzagai. “Iraganak aberastu egiten gaitu, gure inguruko zerbait kontatzen du”, azaldu du. 1968ko Maiatza, Brigada Gorriak, ETAren garaia… “Ez ditut epaitzen.
Zinemagile naizen aldetik, behatu egin nahi ditut”. Iragan horrek, ordea, ez du soilik testuinguru politikoa marrazten; Aliceren bizitzan eta amatasunean utzitako arrastoa ere azaltzen du. Izan ere, Milo ez da militante ohi baten istorioa, amaren istorioa baizik.
Garciak amatasunaren eta politikaren arteko talka nabarmendu du: “Polo kontrajarriak dira, eta erruduntasun handia eragiten dute emakumearengan”. Alicek mundua aldatu nahi zuen, baina semeak “maitasuna eta babesa” behar zituela jabetuta, adopzioan ematea erabaki zuen. Marion Cotillardentzat, horixe da protagonistaren bizitzako erabakirik garrantzitsuena, “aktibista iraultzailea izatea aukeratzea baino garrantzitsuagoa”. Erabaki horren pisuak, gainera, hogei urteko kartzelaldiarekin bat egiten du: Alice semearen bizitzara itzultzen saiatuko da, baina ezin du galdutako denbora ezabatu. Hurbilketa ia isil bat izango da, “ia oin puntetan”, haren bizitzan berriz ere tokia egiteko.
Filmaren tentsioa ere hor dago. Jacques Fieschi gidoilariaren arabera, kontakizunaren erronka nagusietako bat “noiz desestaliko dugun misterioa” erabakitzea izan zen. Milok ez daki nor den Alice; hark, ordea, semearen bizitza urrutitik behatzen du. Ikusleak badaki bien arteko lotura, eta horrek are gehiago estutzen du bien arteko isiltasuna: noiz esan egia, eta zer gertatuko da egia esandakoan?
Mal de pierres filmaren ondoren elkartu dira berriz Garcia eta Cotillard. Zuzendariak aktorearen “erreserba emozionala” eta pertsonaiei bizia emateko duen gaitasuna goraipatu ditu: “Zuzendari baten eta aktore baten artean beti dago maitasun-istorio bat”. Cotillardek ere Garciaren lan egiteko modua nabarmendu du: “Emozio-eszenak prestatu egiten dira, baina berarekin, berak behar zuenean, emozioak berez sortzen zitzaizkidan”. Interpretazioaren eta bizitzaren arteko lotura horrek beste gai batera ere eraman du aktorea: adimen artifizialak aktoreen irudia eta lana ordezkatzeko duen aukerara. Haren ustez, teknologiak itxurak erreproduzi ditzake, baina badago ordezkaezina den zerbait: “Beti faltako zaie bizitzak ematen duen esperientzia. Aktore baten haurtzaroa, bizipenak eta munduari begiratzeko modua ezin dira artifizialki ordezkatu”.
Milok, azken batean, galdutako denborari eta hautsitako loturei begiratzen die. Hogei urte ezin dira berreskuratu, baina semearengana itzultzeko bidea, agian, berriz egin daiteke. Iragana ez da desagertzen; batzuetan, hari begiratu behar zaio aurrera egin ahal izateko.
SERGIO BASURKO