Mundu guztiak ezagutzen al du Karlos Argiñano ala mundu guztiak uste du ezagutzen duela? Premisa hortik abiatzen da Un tal Karlos. Ez fikzioaren alorrean ibilbide aparta duen Arantxa Aguirre –Hécuba. Un sueño de pasión (Zabaltegi, 2006), Ciento volando (Zinemira, 2024)– da Zinemira Saileko itxiera filmaren zuzendaria.
Proiektua egiteko proposamena jasotzean, zerk piztu zuen zure interesa?
Nire ibilbidean zehar egin ditudan proiektu gehienak arteari buruzkoak izan dira; dantza, antzerkia, musika, pintura… Hortaz, mundu horretatik kanpo kokatzen zen pertsonaia bati buruzko proiektu bati heltzea erronka bat iruditu zitzaidan. Gainera, bere karisma artistikorekiko hurbiltasuna somatzen dut.
Nolakoa izan da Karlos Argiñano bezalako pertsonaia batengana hurbiltzea, hau da, jende guztiak ezagutzen duen –edo hala uste duen– norbaiti buruzko filma egitea?
Gainontzeko guztiaren gainetik, topikoetatik kanpo, nire iritzi propioa osatu nahi nuen. Adan y Evak lorategitik atera eta mundua lehenengoz ezagutzean izan zuten begirada berberarekin begiratu nahi nion, zerbait lehenengoz deskubritzen duzunean bezala.
Protagonista bere erosotasunetik ateratzen duzu.
Hobeto ezagutzeko asmoz egin nuen. Bidaiatzeak mugitu egiten gaitu, adi egotea eragiten digu, inguratzen gaituen horri begiratzea. Zentzumenak guztiz aktibatzen dira, eta horri esker, une batez, albo batera uzten duzu zure burua eta gainontzekoen aurrean eman nahi duzun irudia. Pertsona baten alderdi benetakoena ateratzeko testuinguru aproposena iruditu zitzaidan.
Paisaiak presentzia handia du, narrazioarekin bat egitera ailegatzen delarik.
Naturarekiko sentsibilitate handia duen pertsona bat da Karlos, bere izatearen bereizgarrietako bat da. Pelikulan naturak ko-protagonista gisa funtzionatzen du, bidelagun bilakatzen da, uneoro bere gain eraginez, baina, aldi berean, informazioa gehituz. Karlos Beasainen bizi izan zen, bere jaioterrian, Goierrin. Ostean, Zarautzen, itsasoaren ondoan. Lurrari bereziki atxikita dago: baserrian bizi da, oilategi bat dauka, baratzea, ukuilua, egunero ateratzen da paseatzera, arrantza egitera… Ezin dugu Karlos ezagutu bera inguratzen duen paisaian barneratu gabe.
Pertsonaiaren inguruaren mapa bat osatzen duzu beregana hurbiltzeko.
Gustuko dut proposatzen duzun maparen ideia. Egia da Karlosen mapa horretan kokatzeko ezinbestekoa dela pertsona batzuk ezagutzea. Nire ustez inor ez dago bakarrik. Onerako edo txarrerako, sostengatzen edo zapaltzen gaituzten pertsonak ditugu inguruan, kasu batzuetan mamuak izan daitezke, baina hor jarraitzen dutenak, eta ezinbestekoak direnak norbait ezagutzeko. Karlos, gainera, familia gizona da, naturaz soziala dena. Jendeak bizi osoa darama Karlosi begira, telebista saioetan ikusten dute, entzun egiten dute, baina oso gutxitan kokatu dute bere ingurua. Ikusleari funtsezko figura horiek aurkeztu nahi dizkiot eta beraien ikuspuntua eskaini.
Kamerak begiratu egiten du, entzun egiten du, ez du inbaditzen. Zain mantentzen da.
Benetakotasunaren bila joan naiz, eta une horiek agertzeko ahaztu egin behar dira kameraren presentziaz. Pazientzia behar da. Gainera, dokumentalean, ez duzu aktoreekin lan egiten, bere bizitzara hurbiltzeko baimena ematen dizuten pertsonekin baizik. Hortaz, film estraktiboetatik ihes egiten dut, heldu, informazioa hartu eta alde egiten duten horietatik. Interesgarriena bueltatzea baita, berriz grabatzea, ulertzeko ahalegina egitea. Denborak sakontasun geruzak gehitzen ditu; ez zara konformatu behar lehenengo aurkitzen duzun horrekin, zalantzan jarri, tematu.
NAIA ARANTZAMENDI