Patricia López Arnaiz aktorea ez da arrotza Zinemaldian. Los destellos filmarekin 2024an Zilarrezko Maskorra irabazi zuen. Urtebete geroago, Los domingos filmak Urrezko Maskorra lortu zuen, eta aurten berriro itzuli da Sail Ofizialera, baina oraingoan bestelako eginkizun batekin: epaimahai ofizialeko kide jardutea.
“Elkarrekiko errespetuzko giroa daukagu epaimahaian. Bakoitza herrialde batetik gatoz, oso kultura ezberdinetatik; bakoitzari atentzioa halako honek edo beste horrek ematen dio. Egia esan, asko ikasten ari naiz, ofizioko beste kideek zinema nola aztertzen duten ikusita”, azaldu digu.
Erantzukizuna izan da sentitu zuen lehenengo zimikoa: “Hasieran ez nengoen seguru epaimahaiko lana egiteko kapaz izango nintzenik, baina lagunek eta ingurukoek adoretuta aurrera egitea erabaki nuen. Azken batean, nire ikuspuntua beste profesionalekin partekatzea da. Aukera hau opari bat izan da eta oso eskertuta nago”.
Hainbeste urtean etorri eta gero Patricia “familiakoa” balitz bezala sentitzen da Zinemaldian: “hemen etxean nago”. Aktore gasteiztarraren iritziz, “Donostiakoak ez du beste jaialdiekin zerikusirik, askoz lasaiago ibil zintezke kaletik eta aretoetan. Hala ere, aurten ohartu naiz nola aldatzen ari den nire estatusa, batez ere, publikoarekiko. Gero eta ezagunagoa naizela sentitzen dut”. Eta hori ez du oso gogoko, festibaletako photocall eta glamour kontuekin ez baita oso eroso sentitzen.
“Ez epaimahaikide gisa bakarrik, baizik eta beti gozatzen dut beste aktoreen lana ikusten, agian lanbidearen ajeengatik. Larruko zerbait da haien presentzia eta misterioa sentiarazten didana. Baina, aldi berean, filmak harrapatu egin behar zaitu”, adierazi digu.
Eskuarki, Arnaizi rol dramatiko eta intentsuak egokitzen dizkiote: “Ez dakit nik aukeratzen ditudan ala paper dramatikoek aukeratzen nauten ni”, barre egiten du. Pertsona irekia eta iragazkorra naiz, gauzak hunkitu egiten naute eta uste dut enpatikoa naizela, eta pertsonaien lekuan jartzen badakidala; eta oso pertsona gardena naiz. Are gehiago esango nuke: aktore gehienak izaki gardenak gara, dena nabaritzen zaigu”.
Egia da bere ibilbidean halako pertsonaia asko hezur-mamitu dituela, eta oso gustura sentitu dela horietan. Pertsonaia konplexuak interesatzen zaizkio, kontraesanak dituztenak, barruan gatazkaren bat dutenak. Aitzitik, noizbait erregistroz aldatu eta komedia bat egitea gustatuko litzaizuke?, galdetu diogu. “Horixe gustatuko litzaidakeela komedia bat egitea, ni nire bizitzan pailazo hutsa naiz. Hala ere, oso zaila da komedia egitea; gogo handia dut, baina oraindik topatu egin behar dugu elkar komediak eta biok”.
Emakumezko zuzendariek, haren ustez, adimen emozional handiagoa izan ohi dute eta harremanen konplexutasuna hobeto antzematen dute: pertsonen artean zer gertatzen den, zer dagoen hitzen atzean eta lotura horiek nola eragiten duten. Zuzentzerakoan, gainera, informazioa oso zehatz ematen dutela dio, pertsona bakoitza ez ezik, haren inguruko harreman-sare osoa ere kontuan hartzen dutelako.
Patricia hunkitu egin da galdetu diogunean zer esango ziokeen orain hamasei urte 80 egunean filmarekin zineman hasiberri zen Patricia gazte hari: “Bere burua asko zaintzeko esango nioke. Bere beldurrengandik babestu nahi nuke”. Emozioek gorputz osoa zeharkatzen dioten Arnaizek aitortu digunez, oraindik orain ez ditu bere segurtasunik eza guztiak gainditu: “Oraindik ez dut asmatu sentipen hori nola eraman. Horrelakoa naiz eta zama horrekin noa”.
SERGIO BASURKO