Mahaia kolektiboko hogeita hiru sukaldari euskal nortasuna eztabaidan jartzeko batu dira Arantzazun, identitateaz, lurraldeaz eta euskal gastronomia garaikideaz hausnartzeko. Hori da bart Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztutako Aitor Aranguren zuzendariaren 300 haritz lehenengo film luzea dokumentalaren abiapuntua.
Aurreko belaunaldiaren erreleboa hartu, bide berri bat sortu eta kolektiboki norabide berberean arraun egitea da Mahaiaren helburua. Hala, topaketak, sukaldaritzaren, produktuaren eta kulturaren arteko loturak jorratzen ditu. Fisikoki batzen ditu filmak hogeitahiru sukaldariak, bakoitza bere pentsamendu, gogoeta eta nahiekin, baina helburu amankomun bati begira, erantzunak bilatzeaz haratago galderak mahaigaineratuz.
Zuzendariak lokalizazio gutxi, pertsonaia asko eta lau elementu uztartzen ditu, norbanakoa albo batera utzi eta batasuna pantailaratuz, esperientzia murgiltzaile bat eraginez. Arantzazuko kriptan batzen dira, eta argi zuten hor egin behar zela. Euskal kulturan Arantzazuk duen pisuarekin, argi genuen hor izan behar zela; ezinbestekoa iruditzen zitzaigun nortasunaren gaia lantzeko”, adierazi du Aranguren zuzendariak.
Mahaiko kide gisa, ondare bat jaso dutela baieztatzen dute sukaldariek, hala, duela 50 urtekoek mapan kokatu dituztela, baina egungo egoera zein erronkak bestelakoak izanik, etorkizunari begiratu eta norabideak zehaztu beharra dagoela. “Erori zaigun ondarea ahal dugun modu onenean mantentzea edo handitzea da gure lana. Egun abeltzainak, nekazariak… Gure ardura da berriz ere sektore horiei, gure kultura direnei, arrantzale zein baserritarrei indarra ematea, gure etxeak indartsu egoteko. Bestela ez luke historiak jarraituko”, azaltzen du Ander Gonzalez Mahaia Kolektiboko kideak.
Narrazioa, ostera, lau elementuren bidez egituratzen da; ura, sua, lurra eta haizea. Horien bidez euskal gastronomiaren erraiak aztertzen dituzte hurbilketa bat proposatuz; identitate bizi gisa, bere ingurunearekin eta ofizioa ulertzeko modu berriekin etengabeko elkarrizketan dagoen nortasun bat bezala. Horrela, euskal tradizioaren iruditegi bat osatzen da. “Sukaldeari buruzko dokumental bat izateaz gain, kulturari, folkloreari eta euskal nortasunari buruzko proiektu bat da”, azaltzen du zuzendariak.
Gai sakonak zein kontzeptu poetikoak lantzen dituzte, baina kontzeptu horiek lurreratu egiten dituzte norbanako gisa sukaldariek eskaintzen duten berezitasunek; esperientzien zein keinuen bitartez. Erritmoa arintzeko, zein ikuspegia kulturara zabaltzeko, baliabide eraginkorrak bilakatzen dira gonbidatuen bisitak. Hala, Ana Goitia, Aizpea Goenaga eta Iñigo Etxezarretaren parte hartzeek arintasuna gehitzen diotelarik dokumentalari. “Ez dok hamahiru erreferente argi gisa dute, eta horrela aipatzen da dokumentalean ere. Hortaz ezinbestekoa iruditzen zitzaigun kulturan ikur direnen sentipenak jasotzea”, dio zuzendariak.
Filmaren helburua ez da erantzunak ematea, hausnarketa bat eragitea baino. “Argi daukaguna da bakarrik ezin dugula”, zehazten du Gonzalezek. Dokumentalean Mikel Laboaren hitzak erabiltzen dituzte Mahaiaren erronkak laburbiltzeko, dokumentalaren funtsa helburu horretan pauso bat haratago ematea da, ahotsa ematea, zabaltzea, atzokoarekin bihar berri bat sortzeko: “Guri dagokigulako erantzun eta forma berriak topatzea, betikoa babesteko”.