Naomi Wattsek —bere belaunaldiko aktore talentudun eta ospetsuenetako batek— Donostia Saria jasoko du irailaren 19an (larunbata), Kursaalen egingo den gala batean. Gala horretan, ospe handiko aktore eta ekoizleak The Housewife film luzea aurkeztuko digu, Ben Shirinian kanadarrak zuzendutako lehen film luzea izanik berau.
Wattsek egile-zinemako obrak eta ekoizpen handiak konbinatzen ditu bere jardunean, nola telebistan hala zineman. Bi aldiz izan da Oscar sarietarako izendatua: Alejandro González Iñárrituren 21 grams (2003) filmean gauzatutako lanagatik eta J. A. Bayonaren The Impossible (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2012) filmean egindako rolagatik.
Nazioarteko ospea David Lynchen Mulholland Drive (2001) filmari esker iritsi zitzaion. Izan ere, zinema garaikidearen erreferentetzat jotzen da Wattsen interpretazioa obra horretan. Peter Jackson, David Cronenberg, Clint Eastwood, Michael Haneke, Audrey Diwan, Noah Baumbach eta Rodrigo García zinemagileekin ere lan egin du. 2009an, gainera, Donostian izan genituen Watts eta García Sail Ofizialari amaiera ematen, lehiaz kanpo, Mother & Child filmarekin.


The Housewife, Donostia Sariaren Emanaldi izango dena, Ben Shirinian zuzendariaren lehen film luzea da, eta Naomi Watts, Tye Sheridan, Luke Evans, Michael Imperioli eta Lena Olin ditu protagonista. 1964an girotuta eta benetako jazokizun batean oinarrituta dago filma, eta kazetari gazte baten istorioa kontatzen digu. Protagonistak ustezko nazi bat New Yorken ezkutatuta bizi dela jakin eta susmagarri nagusiaren emazte maitagarriaren adiskide egingo da. Film luze hau (bere lehena) zuzendu aurretik, zuzendari kanadarrak Lost in Motion (2012), Lost in Motion 2 (2013) eta Josef et Aimée (2015) film laburrak zuzendu zituen.
Naomi Watts bere belaunaldiko aktorerik errespetatu eta aintzatetsienetako bat da. Bere interpretazio ausartengatik eta erregistro sorta bikainagatik da ospetsua, zinema, telebista eta ekoizpena barne hartzen dituen ibilbide arrakastatsua egin baitu, eta, horri esker, Oscar sarietarako bi izendapen, Emmy sarietarako izendapen bat eta sektoreko entitate ospetsuenen golardo ugari jaso ditu. Aktoreaz gain, Watts ekoizle, ekintzaile eta aktibista itzaltsua ere bada. Horren ildotik, emakumeen osasunaren inguruko eztabaida birdefinitzen lagundu du Wattsek. 2025ean, salmenta-arrakasta baten egile izatea lortu zuen: berea da Dare I Say It: Everything I Wish I'd Known About Menopause liburua, New York Timeseko salduenen zerrendan sartu zena.
Wattsek Ryan Murphyren Feud: Capote vs. The Swans seriean — Emmy sarietarako hamar izendapen jaso zituenean— Babe Paleyren interpretazio laudatuagatik lortu zuen Emmy sarietarako bere lehen izendapena, FXeko serie antologiko arrakastatsuaren bigarren entrega. Rol horretarako egindako eraldaketa burutsuak kritikaren aintzatespen orokorra ekarri zion, baita Golden Globe eta Critics Choice Awards sarietarako izendapenak ere. Watts, orobat, serieko ekoizle exekutibo ere izan zen.
Ryan Murphyrekin lan egin du berriz ere Huluko All's Fair serie judizialean. Serieak Glenn Close, Sarah Paulson, Niecy Nash, Teyana Taylor eta Kim Kardashian ditu protagonista, Wattsez gain (ekoizle exekutiboa ere bada britainiarra). Seriearen bigarren denboraldia ekoizpen-fasean dago gaur egun. Gainera, duela gutxi, Murphyk FXerako sortutako Love Story sail antologikoaren protagonista ere izan zen, Jackie Kennedyren rolean, aktore gonbidatu gisa agertzeaz gainera Netflixeko Too Much seriean, Lena Dunhamen komedia erromantiko berrian, hain zuzen.
Pantaila handian, aurten The Housewife thriller psikologikoaren protagonista izango da Watts (Tye Sheridan eta Michael Imperiolirekin batera). Halaber, Closing Night Cody Fern zuzendariaren lehen filmean lan egingo du Sarah Paulson eta Odessa A'zionekin batera, eta Margot Fonteyn dantzari ospetsua interpretatuko du Margot & Rudi baletari buruzko drama erromantikoan. Berrikiago, Scott McGehee eta David Siegelen The Frienden —Sigrid Nunezen eleberri best-sellerraren egokitzapen txalotuaren— protagonista izan da Bill Murrayrekin batera.
Wattsek Alejandro G. Iñárrituren 21 grams filmagatik jaso zuen emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako lehen izendapena. Bertan, Sean Penn eta Benicio Del Tororekin lan egin zuen. Bere interpretazioak BAFTA eta Aktoreen Sindikatuaren (SAG) sarietarako izendapenak ere ekarri zizkion, kritikaren hainbat aintzatespenez gain. Oscar sarietarako bigarren izendapena, bestakde J. A. Bayonaren eta haren The Impossible filmetik etorri zitzaion: Golde Globe saria, SAG saria, Critics' Choice saria eta nazioarteko golardo ugari lortu zituen bertan egindako interpretazioagatik. Hori guztia ez ezik, St. Vincent pelikulagatik (Bill Murrayrekin batera) Aktoreen Sindikatuaren sarietarako ere izendatu zuten, Birdman or (The Unexpected Virtue of Ignorance) filmean parte hartzeaz gain.
David Lynchen Mulholland Drive maisulan enblematikoarekin egin zuen Wattsek osperako jauzia. Obra horretan bi rol ahaztezin egin zituen aktore britainiarrak: Betty Elms eta Diane Selwyn; horren ondorioz, zinemako talenturik interesgarrienetako bat deskubritu zen. Rol horri esker, National Board of Reviewek, the National Society of Film Criticsek eta mundu osoko kritikarien elkarte ugarik emakumezko aktore onenaren saria eman zioten. Bi hamarkadatik gora igaro direla harrez geroztik, interpretazio hark azken urteotako nabarmenetako bat izaten jarraitzen du, The Ringer atariak XXI. mendeko zinema-interpretaziorik onentzat jo du berriki.
Wattsek interpretazio dramatikoak eta estudio handietako ekoizpenak uztartu ditu bere ibilbide luzean. Hona hemen zineman egindako lan ugarietako nabarmengarrienak: Peter Jacksonen King Kong; Gore Verbinskiren The Ring eta The Ring 2; David Cronenbergen Eastern Promises; Michael Hanekeren Funny Games; Doug Limanen Fair Game; Clint Eastwooden J. Edgar; Noah Baumbachen While We're Young; Mother and Child, Independent Spirit sarietarako izendapena ekarri ziona; The Painted Veil; We Don't Live Here Anymore; Luce; Ophelia; The Glass Castle; The Book of Henry; Infinite Storm; Goodnight Mommy eta Emmanuelle, Audrey Diwanena. Ekoizpen-lanetan ere aritu da hainbat proiektutan: The Painted Veil, We Don't Live Here Anymore, Funny Games, Adore, 3 Generations, The Wolf Hour, eta Penguin Bloom.
Telebistan ere nabarmena da Wattsek egindako lana, hainbat rol protagonista izanik: The Watcher (Netflix); The Loudest Voice (Showtime), Gretchen Carlsonen rolean Russell Crowerekin batera; Twin Peaks: The Return (David Lynch); Gypsy (Netflix, hor ekoizle gisa ere bai); eta BoJack Horseman (Netflix).
Wattsek hainbat sari jaso ditu bere jardun-ibilbidean, hala nola Santa Barbarako Zinema-jaialdiko Montecito Saria, emakumezko aktore onenaren Desert Palm Saria Palm Springseko Zinema-jaialdian, Female Star of Tomorrow Saria ShoWesten eta interpretazio-debutik onenaren Saria Hollywoodeko Zinema-jaialdian. Deauvilleko Zinema Amerikarraren Jaialdiak, halaber, omenaldia egin zion Wattsen ibilbideari.
Ingalaterran sortua eta Australian hazia, Watts nerabe zela hasi zen interpretazioa ikasten, eta John Duiganen Flirting filmarekin egin zuen debuta zineman. Geroago, Ellie Parker film laburra ekoitzi zuen (protagonista izateaz gain), Sundance Zinema-jaialdiko sail lehiakorrean estreinatu zena eta gerora formatu luzeko film gisa egokituko zena.
Ikuskizunaren mundutik kanpo, Watts emakumeen osasunaren eta menopausiaren inguruko sentsibilizazioaren aldeko aktibista konprometitua da. 2022an, Stripes Beauty sortu zuen, menopausiari buruzko elkarrizketa normalizatzeko jomuga eta oinarri zientifikoa izanik hezkuntzaren, sare komunitarioen eta produktu berritzaileen bidez emakumeak ahalduntzean diharduen ongizate- eta edertasun-enpresa.