Donostia Zinemaldiaren jomugetako bat ekarpen positiboa egitea da kultura eta industria zinematografikoaren garapenari, zinemak hausnarketarako, elkarrizketarako eta eraldaketa sozialerako gune gisa duen eginkizuna aitortzeaz gainera.
Donostia Zinemaldiaren 74. edizioa Donostian gauzatuko da 2026ko irailaren 18tik 26ra.
Donostia Zinemaldiaren 74. edizioan aurkeztutako film guzti-guztiak Hautespen Batzordeak hautatuko ditu, Zinemaldiaren Zuzendaritza izanik Hautespen Batzordearen buru, eta zinemaren eta zinema-jaialdien arloan adituak diren hainbat profesionalez osatutako nazioarteko ordezkarien sare batek aholkatuta betiere.
Zinemaldiak Transforma Make & Mark Saria izeneko golardo berri bat sortu du, Beste Sari Batzuen kategorian sartuta geratuko dena.
Transforma Make & Mark Sariaren xedea honako hau da: bikaintasun artistikoa izanik, gure garaiko erronka handiekin konprometitutako begirada sustatzen duten eta, halaber, kulturaren medioz gizartea positiboki eraldatzeko lagungarriak diren zinema-obrak aintzatestea. Golardoak aitortu egingo ditu gogoeta eta kontzientzia kritikoa sortzeaz haraindi, inklusioarekin, berdintasunarekin, aniztasunarekin, giza eskubideekin eta justizia sozialarekin lotutako gaiak —eta, orokorki, gizartea bidezkoagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa izan dadin lortzeko baliagarria den beste edozein alderdi— jorratzen dituzten filmak.
Transforma Make & Mark Saria jasotzeko hautagaitza lau edo bost filmeko aurrehautaketa batetik abiatuko da, Zinemaldiko Zuzendaritzak Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko sailetan lehiatuko diren lan guztien artetik egingo duela aurrehautaketa hori.
Aurrehautaketa hartan Zinemaldiko Sail Ofizialetik eta ahots eta proposamen zinematografiko berriak hartzeko xedea duten gainerako sail lehiakorretatik —hala nola New Directorsetik eta Nestetik— datozen filmak sartu ahalko dira, baldin eta edizioaren programazio lehiakorraren parte badira.
Ez da beharrezkoa izango berariazko inskripziorik egitea saria jasotzeko.
Saria emateko, epaimahaiak aurrez hautatutako lanen kalitate artistikoa eta zinematografikoa baloratuko ditu, baita haien inpaktu sozialaren garrantzia ere, bereziki kontuan hartuta gogoeta sortzeko, kontzientzia kritikoa sustatzeko eta kulturaren bidez gizartea positiboki eraldatzen laguntzeko duten gaitasuna.
Transforma Make & Mark Saria berariaz golardo horretarako eratutako epaimahai batek emango du.
Epaimahaia hiru pertsonaz osatuta egongo da: Donostia Zinemaldiaren ordezkari bat, eta kulturaren, zinemaren, sorkuntzaren, gizarte-eraldaketaren edo antzeko beste diziplina batzuen arloan itzal handia duten bi pertsona, Donostia Zinemaldiak eta Transforma Make & Markek adostuta izendatuak.
Ezingo dira Transforma Make & Mark Sariaren epaimahaikide izan aurrez hautatutako filmen ekoizpenean, finantzaketan, banaketan edo ustiapen komertzialean zuzeneko interesak dituzten pertsonak.
Transforma Make & Mark Saria 10.000 eurokoa izango da, film irabazlea Espainian banatzeko ardura duenarentzat.
Diru-zuzkiduraren helburua film irabazlea Espainiako lurraldean sustatzen, hedatzen eta hedatzen laguntzea izango da.
Transforma Make & Mark Sariak film irabazlea aintzatetsiko du eta Donostia Zinemaldiaren Amaierako Galan iragarri eta banatuko da.
Saria ezin izango da eman gabe utzi, ezta film bati baino gehiagori ex aequo eman ere.
Transforma Make & Mark Saria onartzeak ez du esan nahi jabetza intelektualaren eskubideak edo lan zinematografikoaren ustiapen-eskubideak lagatzen direnik.
Saritutako filmaren ekoizleek edo ordezkariek, bai eta Espainian banatzeko ardura duenak ere, konpromisoa hartzen dute Transforma Make & Mark Saria lortu dutela jasota uzteko filmaren publizitate, promozio- eta prentsa-material osoan, Zinemaldiaren eta Transforma Make & Mark Sariaren logotipo ofiziala erabiliz, antolatzaileek ezartzen dituzten jarraibideen arabera.
Ustekabeko gatazkaren bat jazoz edo arau hauek ez betez gero, Zinemaldiko Zuzendaritzak egokien deritzon erabakia hartzeko ahalmena izango du, FIAPFen araudiari jarraikiz betiere.
Erregelamendu honen interpretazioan desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko testua izango da nagusi.
Arau horien interpretazioari edo aplikazioari buruzko edozein zalantza Donostia Zinemaldiko Zuzendaritzak argituko du.