"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lúak eta Noék aktore naturalak aukeratu behar dituzte zientzia-fikziozko film baterako. Elkarrekin lehenengoz ari direnez, Noék, landa-jatorrikoa izanik, ez du uste Lúa —hiriko aktore langabea— pertsona egokia izango denik. Elkarrekin, leku urrunetatik bidaiatu eta behin-behinean biziko dira nekazarien etxeetan. Errealitate ezezagun batean murgildurik, besarkatzen dituen baina, aldi berean, euren beldur eta aurreiritziekin aurrez aurre jartzen dituen Mexiko bat aurkituko dute, euren tolerantzia, erresistentzia eta hauskortasuna kolokan jarriz.



