"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.

Topaketaren protagonista Antxón Gómez izango da, ekoizpen diseinatzaile eta zuzendari artistikoa. Ezaguna da Pedro Almodovarren ohiko kolaboratzailea izateagatik eta haren azken filmean (Amarga Navidad) egindako lanagatik. Enric Pastorrek, MANERAren sortzaile eta argitalpen-zuzendariak, moderatuko du solasaldia.
Donostia Zinemaldiaren eta Euskadiko Arkitektura Institutuaren (Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatuta) arteko lankidetzatik sortu da elkarrizketa. Zinemaren, arkitekturaren eta diseinuaren arteko topagunea izatea du helburu.
Izatez, arte-diseinuaren eta zinemaren arteko loturari buruz hausnartzeko aukera izango da. Antxón Gómezen hitzaldiak askotariko alderdiak jorratuko ditu. Horien artean, diseinuak narratiba zinematografikoari egiten dion ekarpena, objektu espezifikoen balorizazioa eta objektu horiek hautatzeko prozesua landuko dira. Filmaketarako kokalekuak aukeratzeaz ere hitz egingo da: etxeei arreta berezia eskainiko zaie, eta erabaki horien oinarrian dagoen arrazoibide kontzeptual guztia azalduko da.
Erreserbatu zure sarrera hemen.
Enric Pastor kazetaria, editorea eta aholkularia da, arkitektura, interiorismo, diseinu eta kultura garaikidean espezializatua. MANERA, diseinuan, interiorismoan eta arkitekturan espezializatutako aldizkariaren sortzaileetako bat eta argitalpen-zuzendaria da. Aldizkariak Espainian, Mexikon eta Beneluxen ditu edizioak eta, bertatik, espazioen, objektuen eta bizitzeko moduen gaineko zeharkako begirada bultzatzen du.
2014tik 2021era bitartean AD España aldizkariko zuzendaria izan zen, eta garai horretan, aldizkaria herrialdeko arkitektura, diseinu eta interiorismoaren eredu nagusietako bat izan zen. Bere ibilbidean zehar, argitalpen-proiektuetan eta sormen-zuzendaritzako proiektuetan lan egin du, eta kultur erakundeekin, estudioekin, arkitektoekin eta nazioarteko enpresekin ere aritu da lanean.
Bere lanak dibulgazioa, analisi kritikoa eta arkitektura konbinatzen ditu, eta kultura bisualaren eta eguneroko bizitzaren arteko harremanari arreta berezia eskaintzen dio. Diseinuarekin eta barne-diseinuarekin lotutako proiektuen egilea eta komisarioa ere bada, eta arkitektura, sormen eta kultura garaikideari buruzko hitzaldi, epaimahai eta elkarrizketa publikoetan parte hartu ohi du.
Antxón Gómez Santander ekoizpen diseinatzaile eta zuzendari artistiko espainiarra da. 1981az geroztik, besteak beste, Bigas Luna, Pedro Almodovar, Alex de la Iglesia, Susan Seidelman, Manel Huerga, Dominik Moll, Steven Soderbergh eta Oliver Stone zuzendarien nazioko eta nazioarteko proiektuetan lan egin du. Lan hori interiorismoan eta publizitatean aitzindari izan diren lanekin konbinatu du. Pedro Almodovarren kolaboratzailea izan da 1996tik gaur arte. Denbora horretan, hamaika film eta bi film labur diseinatu ditu. Espainiako trantsizio ostetik gaur arte, ikus-entzunezko industria globalaren bilakaeraren lekuko eta egile izan da.
Sari hauek jaso ditu: Barcelona Film Award saria, Zuzendaritza Artistiko Onenaren Goya saria, Ekoizpen Diseinu Onenaren European Film Award saria, Arte Zuzendaritza Onenaren Platino Saria eta Eskala Sarietako Diseinu Artistiko Saria (2024). Interiorismoko FAD saria ere badu.
European Film Academy-k Europako Chapter Principal Producer Designer izendatu du. Bere lana objektuen balio metanarratiboagatik eta etxearen birsorkuntza oniriko eta mnemonikoagatik nabarmentzen da. Metodologia horren gaineko doktore-tesi bat egin dute.



