
Mahai-inguruan, ikus-entzunezko laborategien eta proiektuak garatzeko laguntza-programen nazioarteko panorama aztertuko da, bai eta horien ereduak, metodologiak eta proiektu berrien sorrera, zirkulazioa eta nazioarteko konexioa bultzatzeko gaitasuna ere. Espazio horietako profesional arduratsuen eta horietan parte hartu duten bi zinemagileren esperientziatik abiatuta, bi ikuspegiak elkarrizketan jarriko dira, horien benetako erabilgarritasunari, erronka nagusiei eta egungo beharrei hobeto erantzuteko moduari buruz hausnartzeko.
Maialen Franco Dávila Giza Zientzietan eta Komunikazioan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean (Donostia). Università degli Studi di Firenze (Florentzia, Italia) unibertsitatean jarraitu zuen ikasten geroago, Zientzia Politikoen Fakultatean.
Gaur egun, Donostia Zinemaldiko prestakuntza-programen arduradun gisa dihardu, askotariko ekintzen erantzukizuna izanik: talentu berriak bilatzea; proiektuak garatzen laguntzea eta gorabidean diren zinemagileei lagun egitea hainbat sailen medioz (hala nola Nest, Zinemaldiko Zinema-Ikasleen Nazioarteko Topaketa eta Ikusmira Berriak); eta Tabakalerarekin eta EQZErekin lankidetzan proiektuak eta egonaldiak garatzeko Ikusmira Berriak programa.
Italian jaio zen, Milanetik gertu. Milango Università Cattolica del Sacro Cuore unibertsitatean graduatu zen, Komunikaziorako eta Informaziorako Atzerriko Hizkuntzetan. 2008an Komunikazio eta Sustapen Zinematografikoko masterra egin zuen. 2008an EAVErentzat lan egin zuen Milanen, eta Film Commission Torino Piemonterentzat hasi zen lanean, nazioarteko ekitaldi eta proiektuen koordinatzaile gisa. 2011z geroztik, Filming Europe-EUFCNn (Association of the European Film Commissions) egiten du lan, bulegoko arduradun gisa. Elkarte hori Europako zinemaren sustapenean diharduten erakunde garrantzitsuenetako bat da. 2016an TorinoFilmLab-en hasi zen lanean proiektuen zuzendari gisa, eta gaur egun programen koordinatzailea da.
Vanja Kaludjercic Rotterdameko Nazioarteko Zinemaldiaren (IFFR) zuzendaria da 2020tik. Kargu hori bete aurretik, 20 urte baino gehiago eman zituen nazioarteko zinema-jaialdietan eta eskubideak ekoiztu, banatu eta eskuratzeko sektoreetan. IFFRn jaialdiaren zuzendaritza artistikoaren eta programaren arduraduna da. Halaber, jaialdiaren nazioarteko jarduerak koordinatzen ditu, zinemagileei eta proiektuei laguntzeko, Hubert Bals Fund funtsaren eta CineMart merkatu internazionalaren bidez.
IFFRn lanean hasi aurretik, MUBI nazioarteko streaming plataforman erosketen zuzendaria izan zen. Coproduction Officen, Les Arcs Europako Zinema Jaialdian, Sarajevoko Zinemaldian eta Herbehereetako Zinema Jaialdian ere lan egin zuen. Lan horietan, bere lanak etengabe uztartu ditu filmen aukeraketa eta zinema independentearen garapena, finantzaketa eta nazioarteko banaketa.
Nazioarteko zinemaldietan epaimahaikide gisa lan egin ohi du, besteak beste, Cannesko Zinemaldian, Berlinalen, IDFAn, Annecyko Nazioarteko Animazio Zinemaldian, Busango Nazioarteko Zinemaldian eta BFIko Londresko Zinemaldian. 2026an, Frantziako Kultura Ministerioak Chevalier de l'Ordre des Arts et des Lettres (Arteen eta Letren Ordenako Zaldun) izendatu zuen.
Espainian jaioa eta Parisen bizi da, eta 2015etik 4A4 Productions ekoiztetxeko kide da. Bertan, besteak beste, Oliver Laxeren SIRĀT (Cannes 2025eko Epaimahaiaren Saria), Nelson Carlo de los Santosen PEPE (2024ko Berlinaleko Zilarrezko Hartza), Víctor Iriarteren SOBRE TODO DE NOCHE (Venezia 2023) eta Oliver Laxeren O QUE ARDE (Cannes 2019ko Un Certain Regard saileko Epaimahaiaren Saria) filmak koproduzitu ditu. 2025etik FIDLabeko koordinatzailea da Marseillan. Harvard, CalArts, UPFko Dokumental Masterrean eta Tabakaleran ere tailerrak eman ditu.
Irati Gorostidi Agirretxe zinemagilea da. Azken urteetako bere lana langile-mugimenduan eta 70eko hamarkadako borroka sozialen harira Euskal Herrian sortutako komunitate-esperientzietan oinarritu da. Bere lehen film luzea, Aro berria, Donostiako Zinemaldiko New Directors sailean estreinatu zen, eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen. 2025eko abenduan areto komertzialetara iritsi zen. Urte bereko irailean, gainera, Arcoiris 82 bakarkako erakusketa inauguratu zuen Tabakaleran, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan.
Diego Céspedes (Santiago de Chile, 1995) zuzendaria eta gidoilaria da, eta Latinoamerikako zinema garaikideko ahots hasiberrietako bat. Bere "El verano del león eléctrico" film laburrak Cinéfondation saileko Lehen Saria irabazi zuen Cannesko Zinemaldian 2018an, eta "Las criaturas que se derriten bajo el sol" 2022ko Cannesko Kritikaren Astean estreinatu zen. Bere lehen film luzeak, "La misteriosa mirada del flamenco", Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard saila irabazi zuen 2025ean, Goya sarietarako izendatu zuten eta Oscar sarietan Txile ordezkatzeko hautatu zuten. 2026an Cannesera itzuli zen Lehia Ofizialeko Epaimahaiko kide gisa. Bere pelikulek Sundance, Toronto eta Donostia bezalako zinemaldietan egin dute ibilbidea. Gaur egun bere bigarren film luzea garatzen ari da, "El caso de un niño que perdió el corazón".