"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.

Benjamin Naishtat zinemagile argentinarra da, Zinemaren Unibertsitatean eta Le Fresnoy-n graduatua. 2023an María Alchérekin batera zuzendu zuen Puan luzemetraiak Donostiako Gidoi Onenaren saria jaso zuen, eta Film Iberoamerikar Onenaren Goya sarirako izendatu zuten. Aurten Sail Ofizialeko Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko da Glaxo film luzearekin. Gainera, Zabaltegi-Tabakalera saila inauguratuko du Alchérekin batera zuzendu duen Pedro en el país filmarekin. Solasaldian, Benjamin Naishtat-ek bere lan- eta sorkuntza-prozesuak partekatuko ditu, zinemaren munduan ibilbide bat eraikitzeaz arituko da eta bere azken lanek bizi dituzten erronka eta ikaskuntzei buruz hitz egingo du.
Benjamin Naishtaten (Buenos Aires, 1986) lehen filma, Historia del miedo (Zinema Eraikitzen 2013, Horizontes Latinos, 2014), Berlinen lehiatu zen. Bigarrena, El movimiento, Locarnoko Cineasti del Presente atalean aurkeztu zen. Rojok (2018) zuzendari eta gizonezko aktore onenen (Dario Grandinetti) Zilarrezko Maskorrak beretu zituen, argazki onenaren sariaz gain. 2020an Europa-Latinoamerika IX. Koprodukzio Foroko proiektu onenaren saria irabazi zuen Pobres pibes proiektuarekin. 2023an Puan (Proyecta 2021) zuzendu zuen María Alchérekin, eta Donostian gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eta interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra (Marcelo Subiotto) jaso zituen ex aequo. Aurten Pedro en el país aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakaleran, hori ere María Alchérekin zuzendua.



