"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.

Ira Sachs zinegileak, aurtengo Epaimahai Ofizialeko presidenteak, The man I Love azken filma aurkeztuko du Perlak atalean, Canneseko Sail Ofizialean estreinatu ondoren. Jaialdira egingo duen bisita aukera paregabea izango da lan berri horri eta bere ibilbide zinematografikoari buruz hitz egiteko. Hogeita hamabost urte baino gehiagoko ibilbidean, Ira Sachsek filmografia guztiz pertsonala garatu du. Bere lanaren ezaugarri nagusia giza harremanei (erromantikoak zein familiarrak) buruzko begirada zehatza eta sentimentalismorik gabea da. Desioaren, sexualitatearen eta intimitatearen konplexutasunei ere heltzen die. Aukera paregabea izango da haren sormen-unibertsora hurbiltzeko eta haren ondoan giza izaerari buruzko begirada berezi batek markatutako ibilbidea egiteko.
Jaume Claret Muxart (Sant Cugat, Espainia. 1998) Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) lehen belaunaldiko kide izan zen. Film labur hauek nabarmentzen dira bere filmografian: Ella i jo (Nest, 2020) Rotterdamen, IndieLisboan, FIDMarseillen, Málagan, SEMINCIn eta abarren emana; Die Donau (2023); eta La nostra habitació (Rotterdamen erakutsia). Claret Muxarten lehen film luzea, Estrany riu, hautatua izan zen 2022an Ikusmira Berriak ekimenerako, eta Veneziako jaialdiaren Orizzonti sailean (2025) eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean (2025) lehiatu zen.
Ira Sachs (Memphis, AEB. 1965) Sundancen lehiatu da hauekin: The Delta (1996) —bere lehen lana—, Forty Shades of Blue (2005, Epaimahaiaren Sari Nagusia), eta Keep the Lights On (2012), Berlinaleko Panorama ataleko hautaketan ere sartua (Teddy Saria). Panoraman parte hartu zuen berriz hauekin: Love is Strange (Perlak, 2014), Passages (2023, lehiaz kanpo aurkeztua Sundancen), eta Peter Hujar’s Day (2025). Hauek ere Sachsenak dira: Married Life (2007, Toronton estreinatua), Little Men (Perlak, 2016; Berlinaleko Generation Kplusen bildua) eta Frankie (2019, Cannesko lehiaketan aurkeztua). Aurten Cannesen lehiatu da berriz The Man I Loverekin.



