"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Mike Goodridge nazioarteko ekoizlea da. Good Chaos sortu zuen 2020an, egoitza Londresen duen ekoiztetxea. Hauek dira bere lan berrienak: Ballad of a Small Player (Edward Berger, Sail Ofiziala, 2025), Árva / Orphan (László Nemes, 2025), Zuo pie zi nü hai / Left-Handed Girl (Shih Ching Tsou, 2025) eta Sisu 2 / Sisu: Road to Revenge (Jalmari Helander). 2024an aldez aurretik nazioarteko film onenaren Oscar sarirako hautatutako bi filmen ekoizlea izan zen: Islandiako Snerting / Touch (Baltasar Kormákur) eta Erresuma Batuko Santosh (Sandhya Suri).
Hauek guztiak ekoitzi ditu bere lan berrienen aurretik: Sisu (Jalmari Helander, 2022), Triangle of Sadness (Ruben Östlund, Urrezko Palma Cannesen, Perlak, 2022), Quo Vadis, Aida? (Jasmila Žbanić; Europako zinemako hainbat sariren irabazlea eta Oscar sarietarako izendatua), eta Cannesen lehian aritu ziren bi film: Tchaikovsky’s Wife (Kirill Serebrennikov, 2022) eta Club Zero (Jessica Hausner, 2023).
Protagonist Pictures finantzazio-, ekoizpen- eta salmenta-enpresako zuzendaria izan zen 2012tik 2017ra bitartean, eta 70 film baino gehiago gainbegiratu zituen lanpostu horretan, hala nola Paweł Pawlikowskiren Zimna wojna / Cold War (Perlak, 2018, zuzendari onenaren saria Cannesen), American Honey (Andrea Arnold, 2016), The Lobster (Yorgos Lanthimos, Epaimahaiaren saria Cannesen, 2015) eta The Florida Project (Sean Baker, Perlak, 2017).
International Film Festival & Awards Macau ekimeneko zuzendaria izan zen 2017tik 2020ra, eta luzaroan programatu zuen Sarajevorako, aholkulari gisa lan egiteaz gainera Locarnoko eta Chicagoko jaialdietarako eta Red Searako. Urte askoan kazetari espezializatua, editorea eta kritikaria izan zen, eta zinemari buruzko hiru liburu idatzi ditu.



