"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Marta Etura (Donostia) Cristina Rotaren interpretazio-eskolan trebatu zen eta trebakuntza amaitu ondoren bere lehen filmean parte hartu zuen, Sin vergüenzan (Joaquín Oristrell, 2001). Honako zuzendari hauen filmetan ere parte hartu du: Alberto Rodríguez (El hombre de las mil caras, Sail Ofiziala, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Eduard Fernándezentzat, 2016); Jaume Balagueró (Mientras duermes, 2012); Daniel Sánchez Arévalo (Azuloscurocasinegro, Made in Spain, 2006, Giornate degli Autori atalean saritua, Venezian); eta Manuel Gutiérrez Aragón (La vida que te espera, 2004, Berlinen lehiatua).
Emakumezko antzeztaldeko aktore onenaren Goya beretu zuen Celda 211 filmagatik (Daniel Monzón, Made in Spain, 2010; Veneziako Giornate degli Autori atalean aurkeztua), eta beste hiru aldiz izendatua izan da: emakumezko aktore berriaren kategorian, La vida de nadie filmagatik (Eduard Cortés, 2002); emakumezko antzeztaldeko interpretearen kategorian, Para que no me olvides pelikulagatik (Patricia Ferreira, 2005); eta emakumezko aktore nagusiaren kategorian, Azuloscurocasinegro obragatik. Duela gutxi Calle Málaga (Maryam Touzani, 2025), Hugo 24 (Luc Knowles, 2026), Karma (Guillaume Canet, 2026) eta Los relatos (Miguel del Arco, 2026) lanetan parte hartu du.
Protagonista izan da, halaber, sail hauetan: Terra Alta (Eduard Cortés), Las largas sombras (Clara Roquet), La sonata del silencio (Feroz Sarietan eta Iris Sarietan emakumezko aktore nagusi onenaren kategorian bi izendapen), Vientos de Agua eta Los enviados (azken bi horiek Juan José Campanellarenak).
Eturaren ibilbidea betidanik egon da lotuta antzerkiarekin eta dantzarekin; hona hemen antzezlan nabarmengarri batzuk: Miguel del Arcoren Ilusiones, Mauricio García Lozanoren Antígona, Juan Diego Bottoren Hamlet eta Cristina Rotaren Despertares y celebraciones; azkenik, dantza-konpainia itzaltsuetan ere parte hartu izan du, hala nola eta 10&10 konpainian (Libialmo), eta Losdedae konpainian (Return eta Santa Teresa).



