"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Olivier Arsonek (Paris) jatorrizko hogei bat soinu-banda konposatu ditu. Birritan irabazi du Goya saria kategoria honetan, Rodrigo Sorogoyenen El reino (Sail Ofiziala, 2018) eta As bestas (2023) filmengatik. Sorogoyenekin egin du lan, izan ere, obra hauetan: Que Dios nos perdone (Sail Ofiziala, gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria, 2016), Madre (2019), Antidisturbios telesaila (Sail Ofiziala, lehiaz kanpo, 2020) eta, duela gutxi, El ser querido (2026, aurten Made in Spainen bildua).
Berea da, halaber, Cerdita (Carlota Pereda, Zabaltegi-Tabakalera, 2022) eta El llanto (Pedro Martín-Calero, Sail Ofiziala, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, 2024) filmen soinu-banda, baita Apagón (Sail Ofiziala, lehiaz kanpo, 2022), Nos vemos en la otra vida (2024) eta El castillo (aurten Sail Ofizialean lehiaz kanpo estreinatzekoa) telesailena ere.
Territoire ezizenarekin, bestalde, musikaren alderdi erradikalagoa garatzen du Arsonek. Sónarren, Roadburnen eta halako jaialdietan aurkeztutako zuzeneko performanceen, albumen eta instalazioen bitartez, interpretazioaren, diskurtsoaren eta soinu-espazioen alorreko teknika hedatuen arteko harremanak aztertzen ditu musikariak.



