"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ekaitzaren ondorioz tonaka ikatz dituen itsasontzi ingeles bat hondoratu da Bizkaiko kostaldean. Gauez herritarrak bilduko dira negu gorritik salbatuko dituen ikatza eskuratzeko. Hori da Igor Legarreta zuzendariaren Inurri itsuak filmaren abiapuntua.
Zinemira sailari irekiera emango dion filma Ramiro Pinillaren “harribitxi literarioan” oinarrituta dago, “Las ciegas hormigas” (1960) eleberrian. Zuzendariak Andoni de Carlosekin batera idatzi du gidoia eta moldaketa dramatiko zein estetikoak egin dituzte: “Hizkuntza desberdinak izanik eleberriaren arima mantentzen saiatu gara”.
Euskal kostaldean girotutako “tragedia grekoa” dugu, protagonistek askotariko oztopoak topatzen baitituzte bidean, handiena ekaitza bera izanik. Kostaldeko western bat bezala definitu du autoreak filma, bere aurreko lanetan bezala, lurraldeak berak pisu handia baitu kontakizunean. Ekaitza da filmaren erdigune eta lurraldeak baldintzatzen du protagonisten izaera: “Pertsonaien eraikuntzan pisu handia dute haizea, hotza eta itsasoa bezalako ezaugarriek. Barne zein kanpo ekaitzen istorio bat da”.
Dramatikoki zein bisualki oso potentea den itsaslabarraren grabaketak zailtasun teknikoak ekarri ditu, filmaren erdia gauez eta euripean gertatzen delako. Egunez grabatu eta gaua simulatzeko asmoz, dekoratu bat eraiki behar izan dute. “Erronka handia suposatu du baina egoera kontrolpean izan eta segurtasuna bermatzeko egin dugu”.
Protagonistek bizirauteko, negu gorriari aurre egiteko, behar duten energia-iturriaren bilaketa du ardatz. “Gaurkotasuneko gaiak jorratzen dira; biziraupena, erresilientzia zein duintasuna”. 2021ean Zinemaldiaren baitan izandako elkarrizketa batetik abiatu zen proiektuak bost urteko ibilaldia borobilduko du gaur Zinemiraren irekierarekin.
N.A.



