Ikusleei talka egiteko moduko programazioak Karateka eta Muguruza FM 40 Tour lanen mundu-estreinaldiak eta Go!azen telesailaren 13. denboraldiaren lehen atalaren emanaldia barne hartuko ditu.
Irailaren 21ean, Karateka emango da, Aritz Morenoren hirugarren film luzea. Pelikulak —aktore-zerrendan Andrea Ros, Patrick Criado, eta Ernesto Alterio dituenak—, konbentzio guztiak desafiatu zituen Sandra Sánchezen istorioa irudikatzen du, garai guztietako karatekarik onena bihurtu zen arte. Sandrak, bere entrenatzaile eta bizikideak gidatuta, ezinezko bidaia bati ekin zion: 39 urterekin urre olinpikoa konkistatzea, baita lortu ere, kirol batean non japoniarrak nagusi diren eta beteranoenak 30 urterekin erretiratzen baitira.
Hiru egun beranduago, Muguruza FM 40 Tour lanaren txanda helduko da, Ander Merino Etxebestek eta Fermin Muguruzak elkarrekin zuzendu duten dokumentalarena. Lehen aldiz eszenatoki batera igo eta lau hamarkada geroago, Muguruzak eskala handiko bere azken birari ekin dio: 40 urteko musika, konpromiso eta erresistentzia kulturala ospatzeko bidaia kolektiboa. Dokumental musikal honek ibilbide horren pultsua jasotzen du; kontzertu jendetsuak, kilometroak errepidean, bidean zehar egindako topaketak eta belaunaldiak zeharkatu dituen energia partekatua, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik hasi, gaur egungo bakarlari ibilbideraino.
Musikari irundarraren 40. urteurren biraren gaineko dokumentalaren estreinaldia Belodromoaren ingurune osora hedatuko den ospakizun bilakatuko da. Izan ere, filmaren emanaldia baino ordu eta erdi lehenago, Iruñeko Broken Brothers Brass taldearen musika-martxa antolatu baita. Taldeak publikoa lagunduko du kalejiran, Anoetako Xanti tabernatik Belodromoko atariraino.
Muguruzaren inguruak adierazi duenez, “helburua, hein handi batean, Ferminek bere ibilbidean lagun izan duen komunitate-espiritua kalera eramatea da”. “Musika, elkargunea eta parte-hartzea medio, ondoren filma Belodromoan elkarrekin ikusteko”, zehaztu dute.
Irailaren 25ean, bestalde, Itziar Gómez Sarasolak berriz ere eramango du Belodromoko pantaila eta eszenatokira ikus-entzule gazteenentzat horren gustukoa den Go!azen fenomenoa. Telebistarako film gisa sortu bazen ere, telesailak jada hamahiru denboraldi ditu oraingoarekin.
SERGIO BASURKO