"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aurten, hamahiru mila ikaslek baino gehiagok Benjamin Rennerrek eta Guylo Homsyk zuzendutako Migrazioa, bidaia ahatezina filmaren emanaldiaz gozatu ahalko dute Belodromoan. Zinema eta zientzia uztartzeko jomuga izanik, Ikastetxeak Belodromoan ekimenak hegaztien mundura, animalia horien migrazio-ibilbideetara eta gure inguruko hezegune gogokoenetara hurbilduko ditu Gipuzkoako 80 bat ikastetxetako ikasleak. 2019az geroztik hona, Donostia Zinemaldian programatutako hitzordu hau DIPC Donostia International Physics Center eta Euskadiko Filmategiaren gerizpera antolatzen da.
Filma euskarara bikoiztuta emango da Belodromoko pantaila erraldoian, eta euskarazko azpitituluak izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Migrazioa, bidaia ahatezina pelikulak Mallard ahate-familiaren bidaia kontatzen digu. Egun batean, ahate migratzaileen familia bat beren urmaelera iritsiko da urrutiko tokietako istorio zoragarriekin, eta Mallardtarrak Jamaikara bidaiatzeko konbentzitu egingo dituzte, hara iritsi aurretik New Yorketik igarota.
Filmaren emanaldiarekin batera aurkezpen berezi bat eta hainbat ezusteko ere egingo dira. Edorta Unamunok —Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatutako Urdaibai Bird Centerreko biologo eta ornitologoak— parte hartuko du. Hala, inguruko paduren garrantzia eta gure padurek hegaztien migrazio-ibilbideetan duten funtsezko zeregina azalduko du Unamunok, batez ere Europaren eta Afrikaren arteko joan-etorrietan. Era berean, gure parajeetako hegazti txikien migrazioak nola aztertzen diren ezagutaraziko digute.
Azkenik, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko RSAIT Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeko Elena Lazkanok gidatutako Pepper robot sozialak ezin zuen kale egin eta berriz izango da urteroko hitzordu honetan. Ohi bezala, izan ere, tandem xelebrea osatuko baitu Ugaitz Alegria aurkezlearekin batera haurrei zuzendutako festa jendetsu honetan.
S.B.



