Donostilandia aldizkariak eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak Concha de la Rosaren argazkien hautaketa bat paratu dute SFGren egoitzan. ‘Entre lo invisible y lo vivido’ izenburuko erakusketa honetan, alde batetik, Espainiako zinemako film eta sailetan argazki finkoko argazkilari gisa egindako ibilbidean zehar ateratako hainbat argazki daude; eta horiekin batera, artistaren kale-argazkigintzako lan pertsonalaren erakusketa dago, estetika zinematografiko nabarmenekoa; hortik abiatu zen gerora zinemako argazkilari gisa egingo zuen lana.
Kaleko argazkilaritzak eta zinemarako argazki finkoak bi lanbide ezberdin dirudite, baina Concha de la Rosarengan lotura aparta aurkitzen dute. Artista, bere kameraren aurrean gertatzen denera egokitzen da besterik gabe; aurkitu eta harrapatu egiten ditu uneak. Emaitza pertsonaia magnetikoen eszenak eta erretratuak dira, nor diren, zer egiteko dauden, nora doazen edo noren zain dauden sumatzera gonbidatzen dutenak. Inauguraziora bertaratutakoen galderei erantzunez, Conchak “zailena unea unean harrapatzea” dela esan zuen. Ekitaldiaren aurkezleak, bere kidearen hitzak berretsiz, hautatutako argazkiei erreferentzia eginez zera adierazi zuen: “ezin diozu klik egiteari utzi, gelditzen bazara edo despistatzen bazara ‘argazkia’ gal dezakezulako”.
Kaleko argazkilaritzan, Conchak oso gertutik ateratzen ditu argazkiak, ia pertsonaien gainean; hartualdi bakarra dago bere argazkietan. Giza begiaren antzeko lente finkoak erabiltzen ditu, 40 eta 50 mm artekoak, hain zuzen ere. “Argazkia atera aurretik ez dut inoiz baimenik eskatzen. Gero, argazki bat atera diedala esan, eta konforme ote dauden galdetzen diet”, aitortu zuen argazkilari sevillarrak: “lehenbizi tiro egin eta gero galdetzen duten horietakoa naiz”. Hori dela-eta, ‘lapurtutako erretratuen argazkilaria’ esaten diote.
Erakusketa honetan azken hamarkadan Donostia Zinemaldian aurkeztutako film eta sailetako filmaketetan ateratako zenbait argazki aukeratu ditu (Arde Madrid, La vírgen roja, Viaje al cuarto de mi madre edo Flores para Antonio lanetakoak, besteak beste), eta Madril, Marseilla edo Sevillako kaleetan harrapatutako argazkiekin elkarrizketan jartzen ditu.
Argazki finkoak tradizioz zuzendariari balio izan dio hartualdien arteko jarraitutasun-erreferentzia gisa, elementu bakoitzak aurreko planoetako leku berean jarraitzen duela ziurtatzeko. Alabaina, Rosak ez ditu fotogramak kopiatzen, bere argazki ia guztiak filmatzen ez den bitartean ateratakoak dira: entseatzen ari direnean, antzezleak eszenan prestatzen dituzten bitartean. Hala eta guztiz ere, filmak beren nortasun osoarekin azaltzen dira bere argazkietan.
Erakusketak Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosen bisita izan du ostegun honetan, hilak 17, eta datorren urriaren 15era arte egongo da zabalik, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 21:00etara astelehenetik ostiralera, eta 17:00etatik 20:00etara larunbatetan; esan bezala Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitzan (Donostiako San Juan kaleko 27. zenbakian).
SERGIO BASURKO