Film historikoek ez ohi dute kritikaren onespena erraz lortzen. Batzuentzat, modaz pasatako generoa da, ikusleak liluratu beste asmorik ez zuen zinema mota zaharkitu baten arrasto hutsa. Akzioa eta irudimen futurista erakusten duten obrek, edo, beste muturrean, drama sotil eta intimoak, tokikoak, horiek ohi dute gaur egun gorespen handiena. Baina The Mission estreinatu zenean, beharbada beste garai bat zen oraindik. Garai bat non estimatzen zen eszenatokien handitasuna, begirada historiko fidela, berrirakurketa egiteko gogoa. Hori guztia zeukan Roland Joffek 1986an zuzendutako lan honek. Hori guztia, eta aktore bikainak, trama ondo josia, epikotasun ukitua. Zer gehiago eskatzen ahal zaio film bati?
Ikuspegi kolonial argi bat du pelikulak, eta trama ere ez da iluna: XVII. mendearen erdialdean, Hego Amerikako oihanetan, gaur egungo Paraguai, Argentina eta Brasilgo lurren arteko eremu zehazgabean, jesulagunek hantxe eraikitako misioa da filmaren espazioa eta denbora: guaranien lurraldea.
Bi pertsonaia nagusiek, Aita Gabrielek (Jeremy Irons) eta Rodrigo Mendoza esklabo salerosle damutuak (Robert de Niro), etengabeko talka moral eta etikora irudikatzen dute bertako biztanleen erredentzioa eta askapen prozesua lagundu nahian ari direlarik, nork bere sinesmen eta oinarri moraletatik.
Aita Gabriel kristautasun eta etika zorrotzaren ispilua da: bakea eta fedea baliatzen du guaranien konfiantza lortu eta espazio habitagarri bat eraikitzeko, baina damuak eta kezkak jota biziko da Espainiako koroak, Madrilgo Itunaren ondorioz, guaranien eta inguruko lurrak Portugali transferitzea erabakitzen duenetik. Portugalek esklabutza baimentzen du, eta misioa desegiteko agindua iritsiko da, laster, Lisboatik. Zer egin?
Aita Gabrielek argi eta garbi bakea defendatu nahi du, eta gurutzea eta sakramentuak lagun, erresistentzia baketsua eskaintzen dio komunitateari, lidergoa eta bere burua lider gisa.
Mendoza, ordea, gizon bortitza izan da beti. Anaia hil dutenetik, erredentzioaren bila dabil, eta guaranien lurraldera abiatu da penitentzia eta barkamen bila, bera ere bakeari aukera bat emateko prest. Baina Lisboaren ordezkari Altamirano kardinalaren agintekeriaren aurrean, zeinaren ondorioz guaraniak abandonatuta eta esklabo salerosleen mende geratuko diren, sen borrokalariari eutsi eta misioa armaz defendatzeko hautua egingo du.
Bakea, edo borroka. Biek dute helburu bera, injustiziaren kontra irtenbide bat topatzea, baina bideak antagonikoak dira.
Metaforaz betetako filma da The Mission: Mendozak oihanean gora armaz beteta egiten duen penitentzia bidaia gizakiaren erredentzioaren irudi argia da; Aita Gabrielen xalokeria, are suizidatzeraino ere armen aurrean gurutzeari eusten diola, gizakiaren onberatasunaren ustez tatxagabearen ispilua da; letratugabeko jendearen indarra eta zentzutasuna ere, boteretsuen grin gupidagabeen aurrean, esperantzarako mezua da.
Filmari epikotasuna ematen dion beste elementua musika da, Ennio Morriconeren soinu banda: oboearen melodia bakartiak, europar polifonia sakratua eta tradizio indigenarekin uztartua, gatazka kulturala nahiz espirituala irudikatuz soinu hutsez.
The Mission pelikulak beharbada xaloegia irudi lezake gaur egungo begiradatik. Ebidenteegiak dira elizaren eta armadaren boterearen eta indigenen onberatasunaren artean zabaltzen den lezearen sakonera, agerikoegia injustizia. Baina egitura handiek gizabanakoaren eta komunitate ahulen kontra eragiten duten zapalkuntza ere erakusten du, eta hori beti da unibertsala, balekoa, beharrezkoa. Horregatik, Jofferen obrak gaur egun ere badu balioa. Gaur egun ere gertutik eta lehen pertsonan sentitu dezakegulako Brasilgo oihan galduan duela ehunka urte bizi izandakoaren zentzugabekeria eta boterekeria bera.
ALBERTO BARANDIARAN