Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak zinemaz, etxebizitzaz eta emantzipazioaz hitz egin du “Zinema eta Etxebizitza” zikloaren harira.
Etxebizitza maiz agertzen da zineman. Zer konta diezaguke film batek etxebizitzarekin dugun harremanaz?
Etxebizitza lau horma baino askoz gehiago da. Segurtasuna, intimitatea eta harremanak dira, baina baita bizitza-proiektu bat eraikitzeko aukera ere. Elikadurarekin batera, gizakiak bermatu nahi izaten duen lehen gauza da. Horregatik agertzen da hainbestetan zineman. Etxebizitza bakoitzaren atzean, pertsona baten istorioa dago.
Zikloak El pisito, Cinco metros cuadrado, Parasitos edo Nomadland bezalako film ezberdinak biltzen ditu. Zer dute komunean?
Denek hitz egiten dute, nola edo hala, etxebizitzak gure bizitza baldintzatzeko duen moduaz: etxebizitza eskuratzeko zailtasunez, desberdintasunez edo bizitzeko modu ezberdinez. Zinemak aukera ematen digu gai horietara pertsonetatik hurbiltzeko, eta ez soilik zifretatik, obretatik edo erregulazioetatik.
Etxebizitza gehien tentsionatuta dagoen udalerrietako bat da Donostia. Zer ari da aldatzen, eta zer dago oraindik egiteko?
Arazoa Donostian adierazten da gogorren. Azken datuek lehen barealdi bat erakusten dute: alokairu berrien batez besteko prezioa %3,7 jaitsi da. Baina oraindik goizegi da joera finkatu batez hitz egiteko, prezioak oso altuak baitira oraindik herritar gehienentzat. Eremu tentsionatuek prezioak eusten laguntzen dute, baina etxebizitza eskuragarri eta babestuaren eskaintza handitu behar dugu, eta horretarako udalek hirigintza serioaren aldeko konpromisoa hartu behar dute.
Eta zer suposatzen du egoera honek emantzipatu nahi duen gazte batentzat?
Gauzak erraztu behar dizkiogula. Gazte batek ez luke bere bizi-proiektua atzeratu behar, ezin duelako etxebizitza bat eskuratu. Horregatik ari gara hainbat alorretatik lanean: etxebizitza babestuaren eskaintza handitzen, Gaztelagun bezalako laguntzak ematen, edo AlokaPlus aseguru publiko eta doakoaren bidez hutsik dauden etxebizitzak alokairu eskuragarrira bideratzen.
Gaztelagun ere presente egongo da Zinemaldian, Okendo plazan. Zergatik eraman etxebizitza-politika zinema-jaialdi batera?
Politika publikoek jendea dagoen lekuan egon behar dutelako eta hausnarketa sustatzen delako. Gazteek laguntzak ezagutzea nahi dugu, zalantzak argitu ahal izatea eta, gainera, bertan bertan eskatu ahal izatea. Eta Zinemaldiak aukera bikaina eskaintzen digu etxebizitzaz zentzu zabalean hitz egiteko, dituen kultur ondorio sakonak ere kontuan hartuta.
Zer nahiko zenuke gazte batek ziklo hau ikusi eta Gaztelagunen gunetik igaro ondoren eramatea?
Bere historia ez dagoela aldez aurretik idatzita. Zinemak bizitzeko modu asko erakusten dizkigu, baita aurki ditzakegun zailtasunak ere. Eta etxebizitzarekin dugun harremanak garen gizarte motaz hitz egiten du. Erakundeek lortu behar dugu etxebizitzak belaunaldi baten etorkizuna ez baldintzatzea. Zinemak nola bizi garen kontatzen du; gure ardura da nola bizi nahi dugun aukeratu ahal izateko laguntza ematea.
P.D.