"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Fariba Sheikan eta Mariona Terés aktoreak izan dira 74. Zinemaldiaren irekiera ekitaldiaren aurkezleak. Eta biak ala biak elkarri hitza urratuz, zinemaz, topaketez eta hausnarketez betetako edizioa iragarri dute. “47
herrialdetako 263 film emango dira, aurten ere aniztasunaren eta pluraltasunaren aldeko apustua egiten duen programazio batean”,azpimarratu dute.
Jaialdiko sailen ohiko aurkezpena egin dute, baina baita The Mission filmaren estreinaldiaren 40. urteurrena ekarri dute gogora. Jeremy Irons Donostian izan dugu berriz hori dela-eta. Irons eta David Puttnam —filmaren ekoizlea— Kursaaleko eszenatokira igo dira, filma gogoratu eta haren indarraldia aldarrikatzeko, zinemak “zuhurtzia eta itxaropena” eskaini behar dituela sinetsita.
Galak, halaber, bat egin du genozidioen amaiera aldarrikatzen duten ahotsekin, Gaza izanik egungo egoera larrienetako bat. Hain zuzen, Yuval Abraham eta Reichel Szor NAZA filmaren zuzendariei babesa ere adierazi diete, Israelgo Gobernuak mehatxatu baititu. Aurkezleek, halaber, azpimarratu dutenez, “nazioarteko ordenaren arauen aldebakarreko hausturak, arpilatze kolonialistak, indarkeria matxista eta giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzten gerrak bukatutzat jo behar dira”.
Ohi bezala, 74. edizioko Epaimahai Ofiziala ere oholtzan izan da. Ira Sachs epaimahaiburuak esker onez goraipatu egin ditu Tabakalerako Elias Querejeta Zine Eskolaren
eta Donostia Zinemaldiaren lana “zinema-komunitate bizia” osatzen baitute.



