"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Werner Herzogek Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia jaso du Orlando Bloom aktorearen eskutik. Bloom, izan ere, Herzogen azken filmeko aktore-zerrendaren parte da. Zinemaldiak “zinemaren mugak arakatu nahi izateak eta begirada beti berezi, aske eta arriskutsuaz behatzeak” markatutako ibilbidea nabarmendu nahi izan du.
Bere aldetik, Herzog “zinemagile aparta” dela eta “ahots bakarra” duela nabarmendu du Bloomek. “Naturaren muturreko alderdiak, gizakiaren jokabidearen bazter bitxiak nahiz
errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak aztertuz, Wernerrek beti hartu izan du zinema abenturatzat”, adierazi du.
Txalo zaparrada luzea jaso ondoren, Herzogek esan du Euskal Herriarekiko “lotura duela” Aguirre, the Wrath of God filma grabatu zuenetik. Era berean, Cave of Forgotten Dreams lanaren filmaketa ekarri du gogora; lan hura egitean, milaka urte lehenago haitzuloetako pinturak egin zituztenengandik oso gertu sentitu zen.
Halaber, euskal kultura eta euskara goraipatu ditu —“hizkuntza harrigarria, Europako zaharrena”—, eta bertsolariekiko miresmena azaldu du, poeta-komunitate baten ordezkari
gisa. “Ez dakit zehazki zertaz ari diren, baina komunitate baten parte naizela sentitzen dut. Poesia-herri baten eskutik jasotzen dut sari hau”, bukatu du.
Sergio Basurko



