Zinemaldiaren ezaugarririk onena da mundu guztiko zinema Donostiako zinema-aretoetara ekartzen duela. Baina ez bakarrik filmak, baita horiek egin dituzten pertsonak ere: zuzendariak, aktoreak, ekoizleak… New Directors sailak, aurten, hamahiru herrialdetako filmak biltzen ditu. Gaur estreinatzen den Ri Guang / Will You Still Be My Friend filmeko lantaldea, adibidez, Taiwan-etik etorri da, eta beraien lehen aldia da Donostian. “Oso pozik gatoz, pintxo-tabernen gomendio-zerrenda batekin gatoz”, dio zuzendariak.
Bere jaioterria da, hain zuzen ere, Lu Po-Shun (Taiwan. 1992) zuzendariaren lanaren ildo nagusia. Bederatzi urteko ibilbidea dauka zinemaren munduan eta denbora horretan bost film laburretan parte hartu du,
zuzendari eta ekoizle moduan. Wild Tides (2016) film laburrarekin zuzendari onenaren saria lortu zuen Taipei Film Awards sarietan, FIRST Xining, Tel Aviv eta Hong Kong IFVA jaialdietan ere hautatua izan zenarekin. Ondoren, Way Home (2018) zuzendu zuen, Busango jaialdian eta Far Easten aurkeztutako Ten Years Taiwan film luze kolektiboaren zati bat dena.
Ri Gaung / Will You Still Be My Friend bere lehen film luzearekin, Ties That Bind eta Hong Kong-Asia Film Financing Forum programetan parte hartu zuen, eta bertan HAF Goes to Cannes saria jaso zuen obrak. Bestalde, EFM Far East in Progress 2026 programan ere bildu zuten.
Kurrikulum honekin iritsiko da filma gaur 22:00etan Kursaalera mundu mailako estreinaldian. “Esan digutenez, sold-out dago estrainaldia!” dio Lu Po-Shunek. Gaur gauean K2 beteko duten ikusleak ez dira damutuko. Ri Guang / Will You Still Be My Friend istorio samurra eta hunkigarria da. Filmean, Jun eta Jasperren adiskidetasuna ezagutzen dugu. Jun, Taiwango herrixka bateko buruaren iloba da.
Eskaera horregatik hasi arren,adiskidetasun eder bat sortzen da bi kideen artean. Batak besteari eragiten dio, elkar ezagutzen dute eta pixkanaka-pixkanaka bere adiskidetasuna gero eta handiagoa egiten da.
Heldu egiten dira eta elkarrekin hazi eta heziko dira, pausoak emanez, nahiz eta aurrez zehaztutakoak ez izan. Hala ere, mundu ezberdinetik datozela nabaritzen da laister eta, saiatu arren, lehenengo arazoak azaltzen dira. Batetik, Junen lagunek ez dute Jasper onartzen. Bestetik, herriko bizilagunak aurrez aurre jarriko ditu helduen negozioak, eta gatazka gero eta gogorrago baten erdian sartzen dira bi lagunak. Bi mutikoak banantzeko arriskua dakarten gatazkak tartean direla eta, bere gune sekretua eraikitzeko asmoa erakusten dute. Gune sekretu hori, metafora antzera erabiltzen du zuzendariak.
Aktore gazteek paper bikaina egiten dute beraien sentimenduak eta emozioak transmititzean. “Hasieratik animatu nituen inprobisatzera, banekien ez nituela aginduak eman nahi”,dio zinemagileak.
Filmaren beste indargune bat Shyan Tan argazki zuzendariaren lana da. Zuzendariak Shyan Tan duela zazpi urte ezagutu zuen, eta berehala konturatu ziren elkarrekin lan egin nahi zutela. Lankidetasun horri esker, Taiwango landa-eremuko kulturan eta paisaietan murgiltzeko aukera paregabea dugu Zinemaldian.
I.M.