Zuzendaria haurtzaroko etxera itzuliko da eta inprobisazioaren eta artifizio propioa agerian uzten duen filmaketaren bitartez inoiz uxatu gabeko oroitzapenak eraikiko ditu. Baina egoerak sortuz doan heinean zuzendariaren eta semearen arteko mugak lausotzen joango dira.
Dokumentalaren eta fikzioaren artean kokatzen den lana dugu Simulacro. Gurasoen etxera buelta egiten duzu bi aktorerekin. Zer bilatzen zenuen abiapuntu horrekin?
Pelikula baten eraikuntza jasotzen da filmean, normalean aktore lanean landu ohi den, baina kanpoan geratzen den, prozesu hori guztia erregistratzeko modu bat izan da. Nire ustez kanpoan geratzen den horrek indar zinematografiko handia du. Bestalde, aktoreekin nire gurasoen pertsonaiak lantzea zen planteamendua, harremanaren hasieratik nik lau urte nituenean izandako eztabaidara arteko prozesua. Adinagatik gogoratzeko gai ez naizen hori aktoreekin berreraiki ahal izatea.
Egoerak planteatuz aurrera joan den grabaketa bat izanik, inprobisazioa filmaketa osora zabaldutako ezaugarri bat izan al zen?
Bagenuen mapa bat, baina egoerak joanean planteatu nituen, sekuentziarako oinarrizkoak ziren osagaiak ematen nizkien eta egoera horietan inprobisatzen zuten. Helburuak eta oztopoak zehazten nituen, baina ez
zegoen gidoia idatzita; gidoia unean idatzi da.
Baliabide asko uztartu dituzu, puzzle gisa eratzen doan kontakizuna sortzeko. Grabatzen hasi zinenean argi al zeneukan zein izango zen filmaren formatua?
Ez nituen argi ez formatua ezta iraupena ere. Hiru egunez amaren Ibarrangeluko etxean grabatu dugu. Baina grabaketan jada elkarrizketetatik at joan nintzen. Esaterako, lehen aldiz filmari buruz aitarekin hitz
egin nuen deia da pelikulan agertzen den aitaren offa. Ez nekien filmean sartuko nuenik, baina pelikularen eraikitzearen parte bezala jaso nuen, horrek guztiak lekua izan zezakeela ulertuz. Hasiera batean film labur luze bat egiten ari nintzela uste nuen, baina pixkanaka konturatu nintzen mami asko zegoela.
Bizi ez zenituen egoeren birsortze bat planteatzen duzu. Nolakoa izan da zuzendaria protagonistarengandik banatzea?
Banekien bi rolak jokatzen nituela, baina nik ez nuen nire rola aktore gisa planteatu. Nolabait, nire agerpena filmean istorioaren zuzendari gisa da, eta aldi berean semea ere banaiz. Hortaz, semearen zatia agertzen zenean, nire aurrean gertatzen ari zen horren aurrean erreakzionatzen ari nintzen. Ez nintzen kontziente bilaketa horretaz edo emozio izpi horien agerpenaz. Baina niretzat oso garrantzitsua zen guztiz zintzoa izatea; ez izatea funtzio narratibo estrategiko bat; agertu behar bazen, agertzea, eta hala izan zen.
Zuzendari batek izan ohi dituen kontrol erremintak albo batera utzi behar izan al dituzu barne emozioak aske uzteko?
Paradoxikoa da, zuzendaritzak kameraren aurrean gertatzen den horren gaineko kontrola izatea dakarrelako. Baina proiektu honen garapen prozesuan hartu nuen erabaki garrantzitsuenetako bat izan da, hain
zuzen ere, pantailaren aurrean gertatzen ari zen horren aurreko kontrola izateari uko egitea. Eta gidoi bat ez izateak egoeren aurrean ni neu harritzea ekarri dit.
Lehenengo film luzea duzu eta estreinaldia Zinemaldiaren baitan izango da. Nola jaso zenuen albistea?
Harrigarria izan zen. Zinemaldia hurbileko jaialdi bat bezala sentitzen dut, eta filma estreinatzeko agertoki ezin hobea dela iruditzen zait. Film hau bazterretatik egin dugu,nolabait esaterako, ez baitu garapen-prozesu luzerik izan, ezta ohiko finantzaketa egiturarik ere. Une zehatzean dator, niretzat zentzua duen unean. Hortaz, horrelako jaialdi batera ailegatzea leku apal batetik abiatuz zoragarria da.
Naia Arantzamendi