Norantz joan nahi dugun erabakitzeko hastapenetara begiratzea ariketa interesgarria izan ohi da. Bederatzi egunez zinemaz gozatzeko aukera eskaintzen duen Donostia Zinemaldia leku aproposa da zinemari buruz hausnartzeko, etorkizuneko lerroak zehazteaz gain, atzera begirada egiteko eta, nola ez, oinarriari erreparatzeko. Hori da zehazki, Itzalak argitzen dokumentalak proposatzen duena.
80ko hamarkadan euskara hutsean egindako lau film ertainen zaharberritze prozesua dokumentatu dute Gorka Bilbao eta Koldo Almandoz zuzendariek. Klasikoak bilakatu diren Xabier Elorriagaren Zergatik
panpox, Jose Julian Bakedanoren Oraingoz izen gabe, Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez eta Alfonso Ungriaren 100 metro filmak jartzen dituzte erdigunean, baita haien protagonistak ere.
Zinemaren industria sortzeko egindako ahalegin ausart batetik abiatuta ondu ziren lau proiektuak, zehazki, Eusko Jaurlaritzak 1985ean eleberrietan oinarritutako euskarazko filmak egiteko apustu batetik.
Orain, filmen zuzendari zein protagonistak bide hartuta, filmak zaharberritzeko egindako bidaia erregistratu da road movie gisa, Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietara egindako bidaiaren bitartez.“Filmak garai bat islatzen du, duela berrogei urte euskal zinemaren hastapenetan nola lan egin zen ikusiz eta gaur egunera arte izandako garapena”, azaldu du Almandozek.
Lau filmetako zuzendariek, Arantxa Urretabizkaia eta Arantxa Renteriarekin batera, topo egiten dute berriz duela berrogei urte zuzendu zituzten lanekin, hain zuzen ere, hori baitzen Almandozen eta Bilbaoren
helburua, filmak zuzendariek beraiek kontatzea. “Aitzindarien filmak dira. Garaian ez zegoen zine industriarik, ez zegoen profesionalik eta talde teknikoetako buruak Madriletik ekarri zituzten, hemengoei ofizioa
irakasteko”.
Filmak balioan jartzeaz gain grabaketako uneak gogoratzen dituzte, eta horretarako filmak grabatu zituzten lokalizazioetara bueltatzeko ariketa egiten dute, filmetako sekuentziak berbisitatuz. “Filmak, muinean, lau pertsonaia erakusten ditu, lau protagonista, bakoitza bere ibilbidearekin. Filma western krepuskular baten modukoa da, non cowboy hauek beraien iraganari errepaso bat egiten dioten Italiarako bidaian barrena”.
Artxibo irudiak, lehen eskuko testigantzekin eta filmetako sekuentziekin uztartzen dira, iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa bat sortuz. “Gaur egunetik zerbait berria eskaintzea izan da helburua,film horietan dagoenaren eta gaur egungo denboraren iragana islatzea, filmak memoria direla eusten duten proiektu edo produktuak ikustea”.
N.A