Les Misérables 178 minutuko drama monumentala da eta Victor Hugoren eleberri ospetsuan murgiltzen gaitu enegarren aldiz, Jean Valjean pertsonaia nagusiaren peripezia latzak ardatz hartuta. Zuzendariaren arabera, “aurreko egokitzapenetan baztertuta geratu ziren eleberriaren zenbait alderdi berreskuratzea izan da filmaren helburuetako bat”.
Istorioa XIX. mende hasierako Parisen kokatzen da, desberdintasun sozialak, pobrezia eta gatazka politikoak nagusi ziren garaian. Paris ez da dekoratu hutsa; gizartearen arazoak erakusteko eta pertsonaien gatazkak indartzeko erabiltzen den eszenatokia da.
Zinemagileak bereziki aldarrikatu du XIX. mendean idatzitako obra honen gaurkotasuna. “Victor Hugok eleberri hau idatzi zuenean, bazekien zerbait unibertsala eta denboraz kanpokoa sortzen ari zela”, adierazi du. Cavayérentzat, eleberriko gai nagusiek gaur egun ere indarrean jarraitzen dute: “Ezjakintasunak eta miseriak”. “Iraultzak bata bestearen atzetik gertatzen dira, baina biktimak beti berberak dira”, gaineratu du.
Cavayék, gainera, eleberriaren ikuspegi manikeoa baztertu du, eta gogorarazi du garai bakoitzak bere populazio esplotatuak dituela. Hugok proposatzen duen erantzuna, azaldu duenez, anaitasuna da. “Inozo samarra dirudi, baina inozentzia horretara itzuli behar dugu”. Bere ustez, “benetako enpatiarantz” aurrera egitea eta “geure zilborrari begiratzeari” uztea ezinbestekoa da: “Bestela, ez da ezer aldatuko. Ezjakintasuna eta miseria dauden bitartean… Eta oraindik badaude”.
Tahar Rahim, Camille Cottin eta Benjamin Lavernhe aktoreak ere prentsaurrekoan egon dira. Vincent Lindon falta izan da, nahiz eta parte hartuko zuela iragarrita zegoen.
Lavernek filmaketan bizi izan zuten giro berezia gogoratu du: “platoan zerbait sakratua zegoen”, ziurtatu du. Taldeak bazekien Miserableak bezalako obra bat egiteak erantzukizun handia zekarrela eta, aktorearen arabera, guztiek “ahal zuten guztia” eman zuten istorio hori kontatzeko. Cavayék ere antzeko sentsazioa izan du, eta adierazi du aurretik egindako zortzi filmetan ez zuela inoiz talde osoaren artean halako batasunik eta elkartasunik sentitu.
Cavayék, halaber, filmeko aktore-taldea eta interprete handiak biltzeko duen zaletasuna nabarmendu ditu. Vincent Lindonen kasuan, transmititzen duen “gizatasuna” azpimarratu du, baita bere “presentzia itzela eta intentsitatea” ere; eta Noémie Merlanten kasuan, berriz, haren “indarra eta boterea”. “Miserableak antzezteko, interpretazioaren maisuak behar dira”, laburbildu du.
Istorio zabal honetako pasadizo ugariak erritmo oso bizkorrean korapilatuz, pelikulak ekintzarako eremu aproposa aurkitzen du (zalapartak, herri zapalduaren asaldura, kartzelen eraistea, tiroketak, jazarpenak, barrikadak 1832ko Parisko altxamenduan, etab.), eta melodrama eta arketipoetan sakon murgiltzen da. Victor Hugoren material literarioa, ‘western moderno’ bilakatzeko ahaleginak, aldi berean, ikuskizun handi oso bihurtzen du filma, mila ez badira ehunka aktore eta figurante dituena. Gaur egungo ikusleari zuzendua, nahiko entretenigarria da, aldiz, nazioarteko jaialdi baten lehiarako aukera bitxi samarra.
SERGIO BASURKO