Zergatik egiten ditugu egiten ditugun gauzak? Balio al dezakete arrazoiek aitzakia gisa? Hauek dira Body of Glass filma ikusten duzunean azaltzen diren galdera batzuk, baina ez dira galdera bakarrak. Eta erantzunak ez dira errazak. Naëmi Ada zinemagile alemaniarrak bere lehenengo film luzea aurkeztu zuen atzo Kutxabank-New Directors sailean.
Body of Glass filman, Tian eta Félix ezagutzen ditugu. Biek dantza garaikideko talde bateko profesionalak dira. Félix koreografoa da eta Tian dantzaria da. Harreman erromantiko batean daude murgilduta, baina Félix oso kontrolatzailea da, eta Tianen nortasun-zentzua ezabatzen duten mugak zeharkatzen ditu. Gorabehera bortitz bat izan ondoren, isolatuta eta norbaitekin konektatzeko premia larria duela, Tian gizon gazte baten dolu-talde batean infiltratuko da, gizona ezagutzen ez bazuen ere. Talde horren min eta afektuan nahasita, egia arriskutsu bat ezkutatzen du etxean. Gezurrak, atsekabeak eta errealitateak talka egiten dutenean, Tianek zikloa hautsiko ote duen erabaki beharko du. “Istorio baten bidez, Tian protagonista aurkeztu nahi nuen; bizipenen ondorioz jada azal gogorra garatua duen pertsona gisa ezagutzen dugu bera. Interpretatzaile gisa ezagutzen dugu, bai arlo profesionalean, bai bizitza pertsonalean ere”.
Adak zuzendaritzako ikasketak egin zituen Berlingo Zinema Akademian (dffb), dantza garaikidean trebatu ondoren, eta film honetan bere bi pasioak uztartzen ditu: zinema eta dantza garaikidea. Bere lagun Marie Bourgeois (Yoann B. Dance Company) agertzen diren dantza-eszenen koreografiaren arduraduna da, eta eszena horiek filmean ondo txertatuta egoteaz gain, argumentua ere borobiltzen dute beren mugimendu, keinu eta soinuen bidez. “Soma Pysall da protagonista; dantzaria ez izan arren, bere gorputzaren kontzientzia handia du, eta eszenak perfekziora iritsi arte praktikatu zituen”, azaltzen du zinemagileak.
Tianen eskuz, etxeko indarkeria, dolua eta erruduntasuna aztertzen ditu Adak: “Zer gertatzen da mugak horrenbeste ahultzen direnean, non mugak galdu dituen pertsonak, aldi berean, bere eta besteen mugen kontzientzia galtzen baitu?”. Etsipenak bultzatuta, Tianek hildako gazte baten bikotekidea dela itxuratzen du, eta haren familia zein lagunekin denbora pasatzen hasten da, haien traumarekin batera bereari ere aurre egin nahian. Horri buruz, zinemagileak dio: “Tianek, zirkulu berri honetan, berean baino elkartasun eta ulermen handiagoa aurkitzen du. Bere istorioa gezurra da, baina bere sentimenduak egia dira. Hor aurkitzen du filmak bere bihotza: zerbaiten parte izateko behar oso gizatiar horretan, nahiz eta gezurra izan”.
Naëmi Adak ez du Tian justifikatu nahi: “Gure ekintzen erantzuleak gara beti, baina erabat epaitu ezin den erreakzio bat aztertu nahi nuen”. Zuzendaria oso jakin-minez dago ikusleek filmari eta Tianen ekintzei nola erreakzionatuko dieten jakiteko. Argi dago filmak eztabaidak piztuko dituela; baina horixe bera da film onek lortzen duena: kredituak agertu eta argiak piztean amaitzen ez diren eztabaidak, aretotik ateratzen diren pertsonen arteko elkarrizketetan bizirik jarraitzen dutenak.
IRATXE MARTÍNEZ