Kazetaritzaren mundutik datozen Iñigo Puertas eta David Taberna El Diario Vasco egunkariko kideak dira euskal nortasunaren erradiografia bat eskaintzen duen Izarrak dokumentalaren zuzendariak.
Filmaren ildoa jarraitzeko abiapuntua baleak harrapatzen zituzten arrantzaleetan ezarri duzue.
Iñigo Puerta: Duela 500 urte, gure marinelak izarrei begira gidatzen ziren. Gaur egun, nolabait, beste izar batzuk dira jende asko euskal sukaldaritzara erakartzen eta bidea erakusten diotenak. Paralelismo hori asko gustatzen zitzaigun. Duela bost mende, abangoardia izan ginen nabigazioan eta baleen ehizan, eta duela 50 urte berriro izan ginen abangoardia Euskal Sukaldaritza Berriarekin. Denboran oso urrun dauden bi une dira, baina berrikuntzarako, abenturarako eta bilaketarako izaera berak lotzen ditu.
Nortasunaren erradiografia bat egiteko bide izan duzue sukaldaritza.
David Taberna: Euskal Sukaldaritza Berriaren 50. urteurrenarekin bat eginez, iraultza hura ospatu nahi genuen, baina, batez ere, zergatik gertatu zen hemen galdetu nahi genion geure buruari. Eta horrek, ezinbestean, lurraldera, produktura eta bizitzeko eta elkarrekin harremantzeko dugun modura garamatza. Azken batean, sukaldaritzak nor garen kontatzeko balio digu.
Identitatearen osagarriak askotarikoak dira, eta aldagarriak, aldi berean?
D.T.: Noski. Gizartea, teknologia eta elkarrekin harremantzeko moduak aldatzen dira, baina harrigarria da zenbat gauzak irauten duten ikustea. Duela 500 urte, arraina parrillan gaur egun egiten den oso antzeko moduan egiten zen, ziurrenik. Asko interesatzen zitzaigun eraldaketaren eta jarraitutasunaren arteko bizikidetza hori: eboluzionatzen dugu, baina badira mendeetan zehar irauten duten keinuak, jakintzak eta egiteko moduak.
Jatetxe ezagunetako sukaldeetan sartu zarete, baita etxe partikularretako sukaldeetan ere.
I.P.: Hain zuzen ere, elkarrizketa hori bilatzen genuen. Alde batetik, chef handien diskurtsoa dago, exijentzia gorenari, berrikuntzari eta irudimenari lotuta. Eta, bestetik, amonen sukaldeak, non egia, memoria eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza handia aurkitzen dugun. Ez genituen bi mundu horiek elkarren aurka jarri nahi, lotu baizik. Izan ere, gure goi-mailako sukaldaritzaren zati handi batek tradizio horretatik edaten du, eta, nolabait, bi diskurtsoek laguntzen digute nondik gatozen eta nora joan gaitezkeen ulertzen.
Izarren atzean dagoen lana eta langileak fokuan jarri dituzue; izen, abizen eta jatorri.
D.T.: Izarren atzean pertsonak daudelako. Euskadi gastronomiaren nolabaiteko ‘Eldorado’ bihurtu da, eta leku askotako jendea erakartzen du, ikastera, aurrera egitera edo amets baten atzetik etortzen dena. Batzuentzat sukaldaritza anbizio bat da; beste batzuentzat, berriz, beren bizitza hobetzeko aukera. Aniztasun hori gaur egun gure sukaldeetan eta tabernetako barretan dago, gure errealitatearen parte da, eta aurpegia jarri nahi genion.
Etorkizunaren gaineko kezka mahai gainean jartzen du filmak. Norantz goaz?
I.P.: Lehen sektorearen eta belaunaldierrelebo faltaren inguruko kezka nabarmena dago. Ezin dugu aparteko sukaldaritza bat izan nahi, aparteko produktuak ekoizten dituztenek beren lanetik duintasunez bizi ezin badute. Lanbide horiek errentagarritasuna, aitortza eta etorkizuna behar dituzte. Beharbada, behar horrek berriro bultzatuko gaitu berritzera eta geure burua berrasmatzera, baina identifikatzen gaituen hori galdu gabe.
Donostia Zinemaldian aurkeztuko duzue filma. Zer suposatzen du?
D.T.: Guretzat, oso balioztatze garrantzitsua da. Izarrak kazetaritzatik sortu da, baina begirada hori hizkuntza erabat zinematografiko batera eraman nahi izan dugu. Zinemaldiak filma hautatu eta maila honetako nazioarteko jaialdi batean kokatzea apustu horren errekonozimendua da. Harrotasunez betetzen gaitu, baina, batez ere, ikus-entzunezko kazetaritza egiteko modu hori esploratzen jarraitzera animatzen gaitu.
NAIA ARANTZAMENDI